Julen MURGOITIO
Dudagabeko seinaleak!
Hau dok/n hau!. Lehengoan dut irakurria Eusko Jaurlaritza izenekoak gida- baimena euskaraz ateratzeko ekimen berria aurkeztu duela. Tira bada, albisteak alde bi ditu, bata euskara hizkuntza normala izateari begirakoa, eta bestea gidabaimenari berari begirakoa. Izan ere, ez dago ulertzerik. Iragarkiak iragarki, TBko film motzetan ikusleak pixa egitea helburu duten tarte luzeak betetzeko iragarkiez ari naiz, gaur merkatuan diren, eta merkatuari lasaitasuna edo ematen dioten, autoak inteligenteak dira, guztiz izan ere; berez aparkatzen dute, lekurik ez denean ere, berez iragartzen dute aurrean dena, eguraldia bada ere, berez ordaintzen dute ordainlekura helduta, berez betetzen dute gasolio-gordailua, desertu erdian egonda ere, berez igartzen dute gaua, goiz eguzkitsua bada ere. Hortaz, berezkoak dira gaurko autoak, epaitegi nazionalekoak barne. Gauzak horrela, zertara dator gaur egunean autook gidatzeko baimena behar izate horrena?. Zer egin behar du, zer edo zer egitekotan, bolante aurrean paratzen den batek, gaurkoak esku libreko autoak badira?. Ez dago hori ulertzen duen kristaurik; Jaungoikoak berak ulertuko balu, sikiera! gaitzerdi.
Tira harira! Andakatik Mundakara! Ezkerreko olatuaren bila. Ama, ama! gaurko kabernek ez dute zer ikusirik lehengo haitzuloekin, oraingoak mediatikoagoak dira, ama. Bisonteen arrastorik ez gaurkootako ormetan, ihes egin zuten eta; faisaiak baino ez, diana baten erdian margotuak. Bildu funda- mentalismoaren adarra dela han-hemenka sinistu arazi nahian dabiltza kabernazaleak, zezen-larruaz jantzita. Horra azkena, fundamentalismoaren seinale dudagabea, Bilduk emakumeen zapiaren alde egin berri du!. Baietz demontre!. Frogarik? GARAn egunero, euskal mahai zapia iragartzen den iragarkiarena. Zapia, bai, etxekoandreentzakoa, eta hori gutxi balitz, mahaia bera ere!. Negoziatzen ari diren seinale!. Are gehiago, teila bat bota berri du kostaldeko Bilduko andere alkate batek uretara Izaro uhartearen inguruan, akabua gero! eta Greenpeacek ez du ezer esan! ETAren adar green den seinale, peace bazterrean utzita. Eta bitartean, kabernaren kirol-zerbitzuetan lanean dihardute euren Vuelta berriro ere hemengo lurretara bueltan etorri dadin. Kaskoaren ordez trikornioa eraman beharko dute ziklistek buruan. Ertzaintzak anoa-postuen ardura baino ez omen luke izango, izatekotan beti ere. Ene! seinalea hori ere.