Arkaitz Landaberea Torremocha, Euskal Preso Politikoa, Aranjuezetik
Olaia, 10 urte
Azken bi urte eta erdi hauetan ehunka gutun idatzi baditut ere, oraingo honetan hainbat eta hainbat ordu pasa ditut orri zurien aurrean buruan dudan ideia zurrunbiloari forma nola eman jakin gabe.
Milaka ideia, milaka gogoeta, kontatzekoak eta ez kontatzekoak. Baina nola adierazi hitzekin? Nola deskribatu miresmen eta maitasun hau? Eta nola egin, gainera, merezitako eran?
10 urte igaro dira egun madarikatu hartaz, eta askotan irudikatu nahi izan ditut zure azken asteak, azken egunak ...
Besoak gurutzatuta egon ezin zinela erabaki zenuenetik bazenekien horrelako zer edo zer gerta zitekeela, bazenekien asko zegoela jokoan. Asko galtzeko, baina irabazteko ere asko. Zuk dena jarri zenuen jokoan, eta dena eman gainera. Irabaztekoa aldiz, ez zen zuretzat. Gure herrixka hau maite dugunontzako opariaren bila eman zenuen aurrerapausoa.
Horregatik, askotan galdetzen diot neure buruari zer pasatuko ote zitzaizun burutik azken egunetan, azken orduetan maitasunak eskuen artean eztanda egin zizun une horretan. Badakit hor egongo zirela gurasoak, Haize, aitona ...nola ez zure bidelaguna Anartz... eta beste batzuen artean ni ere hor egon nintzela pentsatzea gustatzen zait.
Lehengusina txikia izanda ere, ez ziren gutxi izan arreba nagusiaren rolean sartu eta errieta ederrak egin behar izan zenizkidan aldiak.
Eta horixe da zurekin pentsatzean bururatzen zaidan ideiarik garrantzitsuenetakoa. Jendea laguntzeko prest zinen beti eta haien arazoez arduratzen zinen, handiez zein txikiez, zer edo zer egin zenezakeen eskainiz. Horregatik behin zure oroigarria bere gelan zergatik ote zuen galdetu nionean pertsona bati, behin ezagutu zintuela eta laguntza eskaini zeniola kontatu zidanean, ez zitzaidan batere arraro egin, eta bere begiradan ezagutu zaitugunon miresmen eta harrotasuna ikusi nuen. Familia, lagun eta inguruko guztien begiradan aurkitzen dudan miresmen eta harrotasun bera. Pertsona hori gaur egun nire emaztea da Olaia, mundua txikia da gero!
Zure esaeretako batek, «Quien a su familia se parece, honra merece», ondo deskribatzen du orokorrean genuen erlazioa, eta ongi aski gogoratzen dut nola gozatzen genituen familian bazkaltzeko edo afaltzeko biltzen ginen une horiek, aitona Julianek «asto gaixoa» kantatzen zuenean malkoak ateratzen zitzaizkigunean, edota gitarra hartu eta denok aho batez «Papillon» edo «Lepoan hartu» kantatzen genuenean.
Asko galdu genuen duela 10 urteko egun ilun horretan, nik arreba bat, lehengusina baino gehiago, eta batez ere lagun bat, baina zuk utzitako ondareak hobeak izatera bultzatu gaitu. Soilik nahiko nuke gu zutaz bezain harro egotea zu gutaz.
Helduko da eguna zu eta zu bezalakoak merezi duzuen lekuan egongo zaretena. Pausoz pauso, bagoaz, aurrera ongi, atzera gaizki, baina nora ezean inoiz ez.
Muxu handi bat azken asteetan ere urteurrenak bete dituzten Antxon, Oihane eta Imanolen senideei, eta orokorrean gure bidea zein den erakusten duten izar berriak piztera joan direnen senideei.
Agur eta ohore, lehengusina maitea.