TOUR 2011
Musean
Amets TXURRUKA I Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Aurtengo Tour hau, iruditu zait karta jokoaren berdintsua joan dela. Lehen aste horretan, mus eta mus, «deskarte» ugari izan ziren. Erorketak eta lesioak tarteko, asko eta asko jokoz kanpo geratu ginen. Txikira jokoa hasi zenean (Pirinioei buruz ari naiz, ezin esan txikiak direnik, baina, Alpeekin alderatuz, txikitzat har ditzakegu) enbidoren bat edo beste egon zen, baina aparteko tantorik jokatu gabe pasatu ziren. Garaile nagusiak, Samuel eta Vanendert, ezbairik gabe.
Txikikoak jokatuta, handira jokatu ohi da normalean karta jokoan; Tour honetan, ordea, Pirinioen eta Alpeen artean (txiki eta handi) pareak jokatu direla esango nuke. Paretako dema, Schleck anaien eta Norvegiako bikotearen artean jokatu zen. Schlecktarrek bikote ona osatu arren, «bikingoek» duplexak atera zituzten, Hushvod-ek bi eta Boason Hagen-ek beste bi, beraientzako pareetako puntutxoak!
Handira, Alpeetan, HORDAGOAK ozen entzun ditugu! Lehendabizikoa, Andy-k, Galibierrera bidean, ausardia handiz. Aurkariak pixka bat beldurtuta, ez zuten berehalakoan gura izan eta atarramendu ederra atera zion etapa zoragarri horri. Biharamunean Contadorren erantzuna, Andy-k ozen esan bazuen, madrildarrak ez zuen baxuago bota bere hordagoa, etapa hasiera-hasieratik. Aspaldiko urteetan ikusi ez dugun txirrindularitza ekarri digute eta zaleok eskertu dugu!
Partida bukatzeko: jokoa. Erlojupekoan Tourra bera jokoan. Evansen eta Andyren artean parekotasun handia. Luxenburgotarrak abantailatxoa bazuen ere, australiarra eskuko, modalitate honetan beti hobeto moldatu baita. Hiru errege eta bikoa erakutsi dizkigu Evans-ek (bikoa diot, erlojupeko ederra eginda bigarren. Baina 31 eta eskutik, berarentzat Tourra; zorionak Cadel!).
31ra iritsi ezean, puntua jokatzen da. Hori izan da gure kasua, sailkapen nagusiaren joko horretan podiumetik kanpo, Samuelek mendiko sailkapena irabazi du. Puntudun maillota berarentzat! Sari polita eta Tour borobila (ahaztezina izateko, Rubeni lehiakortasunaren saria ematea besterik ez zaigu falta! Inork merezi badu... merezi du zaldibartarrak!).
Partidatxo edo Tour laburpen hau eginaz agurtzen natzaizue. Hala ere, Alpe d'Huezen merezitako omenaldia jaso zuen gizonari aipamentxoa egin beharrean nago. Gure Fermin Aramendik, 20 Tourretan egin duen lana lerro bitan biltzeko gai ez naizenez, eskerrak eman eta zoriontzea beste erremediorik ez zait geratzen. Txopi lekittarrarekin azken urteetan, Frantzia eta Euskal Herria gerturatzen lan paregabea egin dute. Bejondeizula, Fermin!
Horrela bada, irakurle lagunok, Espainiako Vueltan berriz zuekin izango naizen esperantzan agurtzen zaituztet. Hiri ere zorionak Markelo, txirrindulari karneta lortu dualako! Orain jada benetako txirrindulari egin haiz-eta agian utziko diagu gurekin entrenatzen... kar-kar-kar...
Laster arte, besarkada bana!