GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eutanasia, gai korapilatsu baina heldu beharrekoa

Iragan asteazkenean ustez eutanasia aktiboa egiteagatik atxilotu zuten medikua espetxeratzeko eskatu zuen atzo prokuradoreak. Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan gutxienez lagun bati eragindako heriotza leporatzen diote, baina Poliziak dioenaren arabera, lau gaixo adinekori egin zien eutanasia aktiboa. Estatu frantsesean eutanasia legez kanpokoa izanik, hura egitearen ondorioak larriak izan litezke; horregatik, eta atxilotuaren eskubidea delako, oso zuhur jokatu beharra dago, kasu guztietan bezala, memento oro errugabetasun-presuntzioa errespetatuz, baita -atzo «Sud Ouest» kazetak zabaldu zuenez- atxilotuak eutanasia aktiboa egin izana onartu izan balu ere. Eta eutanasia eta heriotza duinari buruzko iritzia edozein izanik ere. Eta badira, izan ere, askotariko iritziak gai horri buruz, eutanasia inolako zalantzarik gabe defendatzen dutenetatik hilurreneko egoeran dauden gaixoei hiltzen laguntzea aldarrikatzen dutenetara. Mediku horren atxiloketak mahai gainean jarri du gaia, eta gai korapilatsua da, inondik ere. Heriotza saihetsezina den erabateko ziurtasuna, sinesmenak, duintasuna, gaixoaren borondatea, noiz den borondate hori adierazteko gai eta noiz ez... elementu horiek guztiak eta gehiago uztartzen dituena. Hala ere, heldu beharreko eztabaida da, politikariek ez ezik, gizarte eragileak eta herritarrek oro har eztabaidatu beharrekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo