GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasunaren Pribilegioko ekitaldiak zibilak izatea nahi du Iruñeko Bilduk

Irailaren 8a ospakizun eguna izaten da Iruñean, Batasunaren Pribilegioa ospatzen baitute; hiru burgu nagusiak bat egin zutenekoa, hain justu. Udaleko Bilduk, azken urteetan izandako kutsu erlijiosoa alde batera utzi eta ospakizun zibilera mugatuko den festa izatea nahi du.

p013_f02.jpg

GARA |

Batasunaren Pribilegioaren oroitzapen ospakizuna irailaren 8an egingo dute Iruñean. Urtez urte ospatzen dute iruindarrek hiru burgu nagusiak -San Nikolas, Nabarreria eta San Zernin- ikurrin eta mandatari beraren pean batu zirela. Karlos III.ak 1423ko irailaren 8an sinatutako ituna izan zen hain justu, Iruñearen egituraketa berrien oinarriak finkatu zituena.

Horren harira, UPNren Gobernuak hiriburuko Katedralean meza baten bitartez ospatzeko ohitura hartu du azken urteetan. Iruñeko Bilduri, ordea, «onartezina» iruditzen zaio halako eduki historiko-politikoa duen gertaera bat erritu erlijioso batekin ospatzea. Beraz, ekimen zibil eta politiko bat egitea proposatu du, eta herri ekimenari lekua emango dion eguna bihurtzea. Asmo hori azalduz, koalizioko ordezkariek gutun bat eman zioten atzo goizean Enrique Maya hiriburuko alkateari (UPN).

Abuztuan eztabaidatzeko

Alkateari emandako gutunean jakinarazten dutenez, abuztuaren bukaeran, erakundeak jardunean hasi bezain laster, proposamen hori bera Iruñeko Udalean ordezkaritza lortu duten talde guztiei ezagutzera emango diete, bertan eztabaidatua izan dadin.

Gutunean azaltzen denari erreparatuz, Batasunaren Pribilegioaren eguna iruindarrek ospatu beharreko eguna da, «historikoki suposatu baitzuen egungo hiriaren egituratze sozial eta politikoaren lehen urratsa». Ondorioz, esanahi historiko eta politiko handiko data izanik, ospakizun guztiek izaera «zibil eta politiko hori bera» izan behar dutela uste dute Bildukoek.

Bi puntu bereizten dituzte gutunean. Aurreneko puntuan, Batasunaren Pribilegioaren oroitzapen ospakizunak izaera zibilekoa izan behar duela nabarmentzen dute; eta jarraian gaineratzen dute Udalak erakunde moduan parte hartzen duen edo antolatzen dituen ospakizun ekitaldi guztiek halakoak izan behar dutela, alegia, izaera zibilekoak.

Izan ere, ezinbestekotzat jotzen dute erakundeek -kasu honetan Iruñeko Udalak-, esparru publiko eta instituzionalean, argi banantzea eta bereiztea batetik ekimen zibilak eta bestetik, ekimen erlijiosoak.

Ildo horretatik, irailaren 8a Hiriaren Eguna izendatzea proposatzen dute gutunetako bigarren puntuan, eta horretarako, «helburu ludiko, akademiko eta dibulgatzailearekin, eduki historiko, politiko eta kulturala izango duen ekitaldi programa zabal bat» osatzeko eskatzen dute, «irailaren 8a hiri osoarentzat data erreferentziala bihur dadin».

Amaitzeko, Batasunaren Pribilegioak izaera politikoa duela, eta, hortaz, zibila, argi utzita, mantendu eta garatu beharrekoa horren «oroitzapena eta ospakizuna» dela irizten diote, hein horretan, «iruindar guztiekiko begirunea» adierazi ahal izateko.

Hiriaren eguna

Irailaren 8a Hiriaren Eguna izatea proposatu du Bilduk, hiri osoarentzat erreferentziazko data bihur dadin, betiere helburu ludiko, akademiko eta dibulgatzailea mantenduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo