GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Ondarroa

«Hilabete eta erdian antolatu ditugu jai parte hartzaileak»

Gotzon Iparragirre

Ondarroako Udaleko jai batzordeko arduraduna

Zinegotzi kargurik ez duen arren, Bilduko kultur arduraduna da Ondarroako Udalean. Dzanga Jaixetara elkarteko kide ere bada eta Jai Batzordeko arduraduna. Aurreko legegintzaldian Herrittarron Udaleko eta Herrittarron Andramaixetako Jai Batzordeko kidea ere izan zen.

p045_f07_148x77.jpg


Manex ALTUNA | ONDARROA

Iaz jaiak bertan behera gelditzeko zorian egon ziren eta aurten azkenaldian izan diren festarik parte hartzaileenak direla nabarmentzen da egitarauan. Hainbesteraino igarri al da Udalean izandako aldaketa?

Zalantzarik gabe aurtengo jaiak oso ezberdinak dira, antolaketari erreparatzen badiogu, behintzat. Sei urteko etenaldiaren ostean Udalak Jai Batzordea deitu du, eta jaiak eredu parte hartzailea jarraituz antolatu ditugu. Hilabete eta erdian antolatu behar izan ditugu, eta erabaki batzuk etorri ahala hartu behar izan ditugu, baina orokorrean, erabaki nagusiak Jai Batzordean hartu dira.

Alkateak Jai Batzordearen lana eta osatutako egitaraua nabarmendu du; aurreko Udalarekin alderatuta, bestelako jarrera?

Zer esanik ez. Iaz oztopoak baino ez genituen aurkitzen gestorako buruaren aldetik. Gogoratu, txosnen aurkako dekretua sinatu eta oporretara joan zela! Aurten hamar aldiz baino gehiago bildu gara alkatearekin eta bere jarrera txapela kentzekoa izan da. Egia esan, jaien antolakuntzan dabilen taldearen konpromisoa da txapela kentzekoa.

Nolakoa zen Gestorak Jai Batzordea osatzen duten taldeekiko zuen jarrera?

Oztopatzailea. Eta gainera, aitzakia merkeak erabiliz. Atera kontuak, iaz Kanttoipeko txosnagunea Kafeko Atzera bidaltzeko dekretua atera zuela, txosnek eliza azpian egin berri ziren lorategiak hondatuko zituztelako. Hilabete batzuetara obrarako etxolak jarri zituen lorategi horietan...

«Herritarron Andramaixak» izeneko egitarau ezberdina ere sortu behar izan zenuten...

Jaiak herritik herriarentzat egin behar direla sinesten dugun jendeak emandako erantzuna izan zen. Zapien salmenta eta programa publizitatearen bidez lortzen genituen 7.000 euro inguru eta txosnen batzordeak jarritako beste horrenbesterekin, aste osoko jaiak antolatu izan ditugu.

Zailtasunak aurkitu dituzuela diozue; aurrekontuak itxita zeudela, adibidez.

Bai, aurrekontuak itxita, eta iazkoarekin alderatuz, kontratazioetarako dirua %30 murriztu da, 111.000 eurotik 79.300era. Herriko taldeen aurrekontuak mantentzeko xedearekin, karpa ez alokatzea (12.000 euro) eta kanpoko kontrataziorik gehienak kentzea erabaki dugu. Hala ere, diru laguntza arloan %15eko murrizketa egin behar izan diegu talde guztiei. Gestorak berak onartutako aurrekontu murriztua taldeen artean banatzeko ardura hartu beharrean, guri utzi digu marroia. Eta jaietakoa, udal mailan aurki dezakegun herentziaren adibidetxo bat besterik ez da.

Zein da festetarako aurrekontuak %30 jaisteko eman duten arrazoia?

Obrak. Urteetan egon dira zementuaren kultura sustatzen, eta aurrekontuak orokorrean %11 jaitsi badira ere, kulturakoak %33 eta kirolekoak %37 jaitsi dira. Nora doa falta dena? Obretara.

Hala ere, aurre egiteko gai izan zarete; nola?

Akabo ba! Urteetako esperientzia dugu, eta behin burokrazia gaindituta, Udalaren baliabideak oztoporik gabe erabili ahal izatea izugarrizko laguntza da. Talde batzuek euren ekitaldiak Udalari diru laguntzarik eskatu gabe egiteko konpromisoa hartu dute eta aulkien kudeaketa kanpoko enpresa baten eskuetan utzi beharrean herriko elkarte batek hartu du bere gain; merkeago.

ANTZARAK

Antzarak ere izango dituzte, baina birziklatutako materialarekin egindakoak eskegiko dituzte. «Gaur egun ez dago animaliarik akabatu beharrik gizakion gozamenerako».

PARTE HARTZEA

«Jaietan zehar 23 proba izango dira, eta parte hartzearen arabera puntuak jasoko dituzte kuadrillek. Jaien amaieran puntu gehien dituen kuadrillak 500 euroko saria jasoko du», azaldu du Iparragirrek.

Herriarentzat

«Jaiak herritik herriarentzat egin behar direla sinesten dugun jendeak emandako erantzuna izan zen»

Aurten

«Iaz oztopoak baino ez genituen aurkitu gestorako buruaren aldetik. Aurten, hamar aldiz baino gehiago bildu gara alkatearekin»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo