GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Ondarroa

«Herritik herriarentzat» lema hartuta osatu dute jai egitaraua Ondarroan

Indarberriturik datoz Ondarroako jaiak aurten. Aldaketa politikoa heldu da Bildurekin eta «herritik herriarentzat» leloa jarraituz antolatu dute egitaraua. Gazte Eguna ospatuko dute gaur herri bazkari eta beste hainbat ekitaldirekin eta, gauean, Ze esatek, Giza Proiektua eta Trikizio taldeek kontzertua eskainiko dute. Bihar, berriz, Amnistiaren Eguna izango da, eta asteazkenean amaituko dituzte jaiak Arrantzale Egunarekin eta antzara jokoarekin.

p045_f04_250x133.jpg

Manex ALTUNA | ONDARROA

Dzanga Jaixeta kultur elkartea izan da Andramaixetako jai egitarauaren antolaketan izan den berritasun nagusia. Iaz arte Herrittarron Andramaixen Jai Batzordea osatzen zuten kideek sortutakoa da, eta helburu nagusia «jaietan zerbait antolatu nahi duten herritarren eta Udalaren arteko zubi lanak egitea da», Gotzon Iparragirre elkarteko kideak azaldu duenez; azken batean, «herriko jaietan herritarron parte hartzea bultzatzea, bai ikusle moduan bai antolakuntza arloan», gaineratu du.

Parte hartzea bultzatzeko asmoz, sari bat ematea ere erabaki dute. «Jaietan zehar 23 proba daude, eta parte hartzearen arabera puntuak jasotzen dituzte kuadrillek. Jaien bukaeran puntu gehien dituen kuadrillak 500 euroko saria jasoko du. Azken hiru urteetan kuadrilla berak irabazi du, baina aurten ez direla irabazten saiatuko esan dute, eta lehia estuagoa izango dela dirudi», azaldu du Iparragirrek.

Ondarroako festak bizirik daudela adierazten duen beste ezaugarri bat jaietako egun guztiek izendapenen bat izatea da. Gaur, adibidez, Gazte Eguna ospatuko dute; bihar, Amnistiaren eguna; hilaren 15ean, Andra Mari eguna; 16an, Kuadrillen Eguna; eta bukatzeko, Arrantzale Eguna, jaietako egun nagusia. Arratsaldeko 7.00etan txosnak ireki aurretik, herri bazkaria izango da larunbateko ekimenik garrantzitsuena. Hala ere, egun osorako ekitaldi ugari antolatu ditu Gazte Asanbladak. Gauerdian danborrada eta kontzertuak izango dira. Ze esatek, Giza Proiektua eta Trikizio arituko dira taula gainean.

«Km-0» ikus-entzunekoa

Igandean Amnistia Eguna izango da, preso eta erbestean dauden herritarrak gogora ekartzeko. Iparragirrek adierazi duenez, une honetan hamaika preso eta beste zenbait iheslari ondarroar daude; «horiek ezin dute herriko jaiez gozatu. Ezin izango dute marmitakorik jan, ezta kukañarik ikusi, ezta danborradan parte hartu... Egia esan, presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak ezin dira egun bakarrera mugatu, baina egun oso bat amnistiarekin zerikusia duten ekitaldiei dedikatzeak kontzientziazio mailan ere badu eragina».

Ildo horretatik, aurten «Km-0 (Kilometro 0). Dispertsioaren hamaika aurpegi» ikus-entzunezkoa da berritasun nagusia.

Abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, ekitaldi nagusietako bat euskal presoekin lotutakoa izango da; ohorezko aurreskua Itsasaurre plazara bueltatuko da aurten, eta 47. aurreskua presoen senideei eskainiko die Luis Etxaburu Latxanbrek. Asteartea Kuadrillen Eguna izango da eta, aurtengo lema «Begirada bat atzera» hautatu dute, iraganeko gertakizun, asmakuntza, musika, moda eta pertsonaiengan oinarrituta.

Jaiei agur esateko, mahoizko arropak jantzi eta Arrantzale Eguna izango dute Ondarroan. Antzara jokoak ere izango dituzte, baina gogorarazi dutenez, birziklatutako materialarekin egindakoak eskegiko dituzte. «Gaur egun ez dago animaliarik akabatu beharrik gizakion gozamenerako», dio Iparragirrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo