GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Frogarik gabe

Lotsa-falta behar da gero. Donostiako Udalak hainbat gizarte talde gonbidatu eta Covite biktima elkartea gonbidapenetik kanpo uzteko atrebentzia izan du.

E? A! Edonola ere...

Lotsa falta behar da gero. Donostiako Udalak Covite gonbidatzeko atrebentzia izan du.

Batzuek, ez dakit zergatik, Bilduren eta euskal presoen senideen aurkako eraso etengabea ikusten dute horrelako agerpenetan. Edo Patxi Lopezen gogoeta sakonetan, edo basagoitikerietan...

Mundiala azkena. Ohi bezala ezin burutsuago, gure Antoniok euskal presoen senideak iraindu zituen, baita Martin Garitano ere. Argudioak agertzea iraintzea baino zailagoa denez, «proxeneta» esan zion Gipuzkoako ahaldun nagusiari, hura Loiolan eta Gasteizen euskal presoen senideen ondoan izan zelako, eta egunen batean gertatuaz eta jasan eta eragin den minaz hausnartu beharko dugula denok, baina oraindik garai horretan ez gaudela esan zuelako. Basagoitiren begietan, beraz, ni ere banaiz proxeneta, nonbait, bat nator-eta Garitanok esandakoekin. Eta, barka nazala Basagoitik, horren arrazoia azaltzen ahaleginduko naiz. Uste osoa dut Garitano, Bildu, ezker abertzalea, ETA bera prest daudela hausnarketa horri bihar bertan ekiteko, baina ez da horretarako unea, Basagoiti, PP, PSOE, Estatua... ez baitaude prest. Ez daude prest beren biktimen inguruko minaz beste onartzeko.

Hainbat hedabideri grazia handikoa begitandu zitzaien Basagoitiren ateraldia, eta ez da harritzekoa, Bilduren eta euskal preso politikoen aurka inork egiten ez duen jazarpena espainiar hedabide gehienen gogoko zaletasuna da eta.

Lagin txiki bat, «El País» egunkariak herenegun eman zuen «informazio» baten titularra: «Bilduk behin eta berriz keinu egiten dio ETAri, presoen aurkako errepresioa salatuz». Eta hasiera antologikoa: «Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Bildukoa bera, ETAko presoek sufritzen duten `errepresioa' salatu zuen, frogarik gabe». Benetan zaila dute euskal presoak Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan zehar barreiatuta daudela frogatzea, zaila kartzela zigorra bete dutenak eta gaixotasun larriak dituztenak barruan atxiki dituztelako frogak aurkitzea. Eta froga horiek egongo balira ere, zaila lukete hori guztia errepresioa dela frogatzea, kartzela zigorrak arintzeko neurriak baino ez baitira, Covitek-eta hala eskatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo