GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | AZKOITIA

Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean antolatu dituzte aurten «andramaixek»

Gaur bertan Pakistandarren jaia eta Gozategiren kontzertua izango badira ere, bihar emango diete hasiera Maxixatzen euskara elkarteak eta Sahatsa dantza taldeak hasiera Azkoitiko andramaixei. Jai Batzordeak eta Udalak egitarau bateratua aurkeztu dute, lehenago ez bezala.

p048_f01_204x116.jpg

Odei IRIGIOEN | AZKOITIA

Bihar eguerdira arte suziria botako ez duten arren, Pakistandarren jaia izango dute arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera, Gozategi Anaien emanaldiaz gain. Aurten lehenengo aldiz, Jai Batzorde herrikoi eta parte-hartzaileak eta Udalak egitarau bateratua aurkeztu dute elkarlanean. Eneritz Artetxe azkoitiar gaztea tarteko aritu da, eta kontatu digunez, orain arte udaletxeak bere programa ateratzen zuen, eta duela hamaika urte sortutako festa batzorde herrikoiak bere kabuz egiten zuen lan: «Autogestio bidez antolatzen genituen festa alternatiboak, herritarrok eginikoak eta herritarrek parte har zezaten». Udalaren nahia izan da aurtengoan programa bateratua aurkeztea. «Orain arte guk gure kasa egiten genuen lana, eta aurten, lehendabiziko aldia zenez, pixka bat galduta eta guzti ibili gara. Udalekoengana joaten ginen behar genituenak eskatzera, eta normalean ezetz esaten ziguten eta oztopoak baino ez zizkiguten jartzen. Aurten, ordea, guk geure lana egin dugu, gero Udalekoekin elkartu gara eta aurkeztu ahal izan dugu egitarau bakar eta bateratu bat, nahiz eta betiere guk aparte gure egitaraua soilik ere zabaldu dugun».

Udalak aurkeztu duen ereduak jendearen parte-hartzea zabalagoa izatea lortu du. Herriko kultur eragileekin batu dira, eta «gu ere hauekin batera izan ginen. Batez ere jende berria agertu dela esango genuke, elkarte gastronomikoetakoak kasu». Dena den, festa batzordean gazteak baino ez ei dira ageri, eta hori ikus daiteke festetako esku-orriak dakarren argazkiari erreparatuz ere. Halere, «guztientzako festak antolatu ditugu, bai umeak, bai helduagoak... baina antolatzen batik bat gazteok jardun dugu». Hogei bat lagun aritu ei dira, eta egitaraua osatzerako orduan, amnistiaren aldeko mugimendua eta Gazte Independentistak izan badira ere, batzordean jendea «norbanako moduan» aritu da.

Berrikuntzek ere izango dute lekua. Artetxek azaldu digunez, duela bi urtetik antolatzen dute San Martin auzotik jaitsiera, txarangarekin batera: «Joan den urtean nahiko arrakasta lortu zuen eta aurten ere ekimen hau indartu nahi dugu. Goizeko hamarretan mokadua eskainiko zaio gerturatzen den edonori eta gero herrirainoko kalejira burutuko dugu». Horrez gain, abuztuaren 15rako, «bizikleta poteoa» prestatu dute lehendabizikoz: «Plastikoak-eta eramango ditugu, eta animatzen den orok bertan bere aldarrikapenak idatzi ahal izango ditu, herriko buelta egiteko». Ez da azkoitiarrek txirrindularitzaren zaletasun berezirik dutelako, «beste herri batzuetan ikusi izan dugulako eta nahikoa arrakasta izaten duelako baizik. Zerbait berria izango da». Bizikletan ibili eta poteatzea jarduera kontrajarriak izan daitezkeela iruditu dakiokeen arren bati baino gehiagori, «ikusiko dugu, ikusiko dugu nola irteten den. Arriskutsu samarra izan daiteke, baina aterako da». Horrez gain, Festa Batzordeko egitarauan presoen aldeko manifestazioa eta ekitaldia ere egingo dituzte datorren asteartean.

Abuztuaren 14ko herri bazkarirako txartelak erosteko gaur izango da azkeneko eguna, eta hilaren 17ko afarirakoak bertan erosi ahal izango dira. Egun horretan bertan, arratsaldeko zazpietan `estraperloko gazta' lehiaketa egingo dute, hau da, edozein baserritarrek etxean egindako gaztei plazara ateratzeko aukera luzatuko dien txapelketa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo