GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | AZKOITIA

«`Bihotzeko sekretuak'-en ere atera zuan, eta poztu egiten nauk»

 
Koldo Alkorta

«Un blen ble» topa egiteko leloaren asmatzailea

Azkoitiarra sortzez, Azkoitiko bi seme dituena, azkoitiar batekin ezkondua, gurasoak ere biak azkoitiarrak... Nork asmatuko luke «Un blen ble» afrikar doinuetan inspiratuta dagoela?

Aurkez ezazu zeure burua.

[Barre, lehenengo eta behin] Ni ez nauk zera, elkarrizketetara-eta ohitutakoa... Bueno, ni Koldo nauk, Koldo Alkorta. Baina ni Azkoitian Tili bezala ezagutzen naitek. Nire semeak ere halaxe dituk. Tailer batean lan egiten diat, eta Ingeniaritza Teknikoko karrera zaukaat. Ezkonduta nagok eta bi ume zauzkaat. Azkoitiarra nauk jaiotzez, eta bizi ere Azkoitian bizi nauk, eta andrea ere azkoitiarra diat, semeak ere azkoitiarrak, gurasoak ere azkoitiarrak eta... dena azkoitiarra zaukaat nik. Eta 57 urte ditiat.

Pasatu diguten informazioaren arabera, zu zaitugu «Un Blen Ble»-ren asmatzailea.

Hala uste diat, nik baietz pentsatzen diat. Hori izan duk gauza bat, ba, ni beti katxondeoan ibili izan direnetakoa izan nauk; beti egin izan ditiat parida moduko batzuk. Gure kuadrilla ere horrelakoxea duk, entenditzen duk? Orduan, kuadrillak ere lagundu zidak, e!

Nola sortu zen?

Hori hasieran gure kuadrillan erabiltzen genian. Guk afariak egiten genitian sarri, eta brindisak egin behar zirela-eta, ba hitz batzuk egin behar hauetako batean, eta honek irten zian.

Inspirazioa nondik atera zitzaizun berba horiek egiteko?

Inspirazioa... neu nauk ni inspiratua. Pentsatzen diat hori nik Donostian ikasten nuenean, 1974an-edo, nik hogei bat urte izango nitian, eta joan gintuan Hernaniko jaietara. Han bazen kuadrilla bat tankerako brindis bat egiten, eta joño! nik ere pentsatu nian, hurrena Azkoitira joaten naizenean nik ere horrelako zer edo zer egin behar diat. ‘Un Blen Ble’ hitz hori... kantu bat baduk ba, ‘Jamala Jamala’ edo afrikar antzekoa. ‘Un Blen Ble’-k, ba, hortik irtengo zian. Hitz batzuk bota eta jendeak segi egin zian. Gu Otsagabira joaten gintuan, eta han elkartzen gintuan Azkoitiko beste kuadrilla batekin, eta afaritan erabiltzen genian. Horrela, Azkoitira zabaltzen joan zuan. Orain gaindituta nagok, lotsatu egiten nauk, gure kuadrilla mailan hasi zuan gauza bat duk-eta. Flipatu egiten diat. Denek esaten zidatek orain egile-eskubideak kobratu behar ditudala.

Zein da letra originala?

Orain aldatu egin duk... Gure garaian «Un blen ble, un blen ble, opa oli, opa oli, xirriazka, xirriazka, altza la kopa Jauregi, altza la kopa Jauregi, ieeeup!». Jauregi Groseko taberna zuan.

Oraindik erabiltzen al duzue?

Orain ja lata ematen zidatek! Gaztetan parrandazaleak ginen, eta bai, baina orain, eskatutakoan soilik. Iraurgi abesbatzan ibili ninduan urte askotan, eta abestu eta gero afari galantak egiten genizkian. Orain gure adinekoren batek ikusitakoan, “benga Tili, kanta egizak, kanta egizak!” eta azkenean, ba, altxatu eta kantatu egiten diat, baina bestela dagoeneko ez. Dena den, kristoren poza hartzen diat.O.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo