GARA > Idatzia > Kultura

Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean antolatu dituzte aurten «andramaixek»

Gaur bertan Pakistandarren jaia eta Gozategiren kontzertua izango badira ere, bihar emango diete hasiera Maxixatzen euskara elkarteak eta Sahatsa dantza taldeak hasiera Azkoitiko andramaixei. Jai Batzordeak eta Udalak egitarau bateratua aurkeztu dute, lehenago ez bezala.

Odei IRIGIOEN | AZKOITIA

Bihar eguerdira arte suziria botako ez duten arren, Pakistandarren jaia izango dute arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera, Gozategi Anaien emanaldiaz gain. Aurten lehenengo aldiz, Jai Batzorde herrikoi eta parte-hartzaileak eta Udalak egitarau bateratua aurkeztu dute elkarlanean. Eneritz Artetxe azkoitiar gaztea tarteko aritu da, eta kontatu digunez, orain arte udaletxeak bere programa ateratzen zuen, eta duela hamaika urte sortutako festa batzorde herrikoiak bere kabuz egiten zuen lan: «Autogestio bidez antolatzen genituen festa alternatiboak, herritarrok eginikoak eta herritarrek parte har zezaten». Udalaren nahia izan da aurtengoan programa bateratua aurkeztea. «Orain arte guk gure kasa egiten genuen lana, eta aurten, lehendabiziko aldia zenez, pixka bat galduta eta guzti ibili gara. Udalekoengana joaten ginen behar genituenak eskatzera, eta normalean ezetz esaten ziguten eta oztopoak baino ez zizkiguten jartzen. Aurten, ordea, guk geure lana egin dugu, gero Udalekoekin elkartu gara eta aurkeztu ahal izan dugu egitarau bakar eta bateratu bat, nahiz eta betiere guk aparte gure egitaraua soilik ere zabaldu dugun».

Udalak aurkeztu duen ereduak jendearen parte-hartzea zabalagoa izatea lortu du. Herriko kultur eragileekin batu dira, eta «gu ere hauekin batera izan ginen. Batez ere jende berria agertu dela esango genuke, elkarte gastronomikoetakoak kasu». Dena den, festa batzordean gazteak baino ez ei dira ageri, eta hori ikus daiteke festetako esku-orriak dakarren argazkiari erreparatuz ere. Halere, «guztientzako festak antolatu ditugu, bai umeak, bai helduagoak... baina antolatzen batik bat gazteok jardun dugu». Hogei bat lagun aritu ei dira, eta egitaraua osatzerako orduan, amnistiaren aldeko mugimendua eta Gazte Independentistak izan badira ere, batzordean jendea «norbanako moduan» aritu da.

Berrikuntzek ere izango dute lekua. Artetxek azaldu digunez, duela bi urtetik antolatzen dute San Martin auzotik jaitsiera, txarangarekin batera: «Joan den urtean nahiko arrakasta lortu zuen eta aurten ere ekimen hau indartu nahi dugu. Goizeko hamarretan mokadua eskainiko zaio gerturatzen den edonori eta gero herrirainoko kalejira burutuko dugu». Horrez gain, abuztuaren 15rako, «bizikleta poteoa» prestatu dute lehendabizikoz: «Plastikoak-eta eramango ditugu, eta animatzen den orok bertan bere aldarrikapenak idatzi ahal izango ditu, herriko buelta egiteko». Ez da azkoitiarrek txirrindularitzaren zaletasun berezirik dutelako, «beste herri batzuetan ikusi izan dugulako eta nahikoa arrakasta izaten duelako baizik. Zerbait berria izango da». Bizikletan ibili eta poteatzea jarduera kontrajarriak izan daitezkeela iruditu dakiokeen arren bati baino gehiagori, «ikusiko dugu, ikusiko dugu nola irteten den. Arriskutsu samarra izan daiteke, baina aterako da». Horrez gain, Festa Batzordeko egitarauan presoen aldeko manifestazioa eta ekitaldia ere egingo dituzte datorren asteartean.

Abuztuaren 14ko herri bazkarirako txartelak erosteko gaur izango da azkeneko eguna, eta hilaren 17ko afarirakoak bertan erosi ahal izango dira. Egun horretan bertan, arratsaldeko zazpietan `estraperloko gazta' lehiaketa egingo dute, hau da, edozein baserritarrek etxean egindako gaztei plazara ateratzeko aukera luzatuko dien txapelketa.

BIZIKLETA POTEOA

Azkoitiar ausartenek Andra Mari egunean bizikletak hartu, plastikoan idatzitako lemak soinean jarri eta pedalkadaz pedalkada eta potez pote herriko tabernak bisitatuko dituzte. Halere, ongi aterako delakoan daude, eta ez omen dago aparteko arrazoirik beraien beldur izateko.

Egitaraua

Abuztuak 14 eta 15
Igandea

9.00 ii. jokin ormaetxea txirrindulari lasterketa.Ibai-Ondo kaletik abiatuta, helmuga Plaza Berrin izango da.

10.30> hamaiketakoa. San Martingo elkartean.

11.15> kuadrillen jaitsiera txupinazora. San Martingo elkartetik.

11.40> iñaki isasmendi `ardixe' eta xabier larrañaga `txanton'i omenaldia. Udalbatza aretoan.

12.00> txupinazoa. Sahatsa Dantza Taldeak eta Maxixatzen Euskara elkarteak jaurtiko dute. Bitartean Udal Musika Bandak `Ondo Pasau Andramaxek' joko du.

12.15> eltziego dultzaineroak. `Kandido' konposizioa joko dute, eta ostean erraldoi eta buruhandiekin kalejira.

14.30> Herri bazkaria. Plazan.

16.00> kuadrillen arteko jolasak. Plazan.

17.00> haur parkea. Plazan.

19.00> kalejira txarangarekin.

21.30> kontzertua. Herriko rock taldeekin txosnetan.

23.00> mexiko mariatxi inperial. Herriko plazan.

9.30> eltziegoko dultzaineroekin kalejira.

10.00> herriko musika bandaren eta txalkor txistulari taldearen kalejirak.

12.00> dultzaineroak, erraldoiak eta buruhandiak. Kalejira.

13.00> herriko musika banda eta txalkor txistulari taldearen kontzertua. Kontzejupen.

17.00> gurea pilotalekuan pilota partidak. 1. partida: Gorka - L. Galarza / Mendizabal III.a - Cecilio. 2. partida: Juan Martinez de Irujo - Merino III.a / Gonzalez - Paskual.

18.00> haurrentzako «kukubel» kale antzerkia. Herriko plazan.

18.30> bizikleta poteoa. Balda plazatik hasita.

20.00>eltziegoko dultzaineroekin batera kalejira.

22.30> Spectrum taldea. Suzko kale antzerkia.

23.30> i. andramaixetako film laburren lehiaketa. Film laburrak ikusi eta gero, bertan egingo da sari banaketa. Sariak nori eman ikusleek erabakiko dute.

ostean> egurra ta kitto! Kontzertua, herriko plazan.

GAZTA LEHIAKETA

Abuztuaren 17an arratsaldeko zazpietarako plazan behar dute egon parte hartuko duten gaztek. Duela bi urtez geroztik antolatzen den ekimena da eta inguruko baserritarrek oso gustura hartzen dute, etiketatu bariko gaztak plazara ateratzeko aukera luzatzen dielako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo