GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Europako Txapelketa

Euskaldunak erronkari heltzeko gogotsu daude

Maila ezberdinetan hamabost segalari arituko dira hilaren 21ean Eslovenian jokatuko den txapelketan. Helburua ahalik eta lanik onena egitea izango da.

p032_f01_666x666.jpg

Jon LEUNDA

Euskal segalariak prest daude datorren hilaren 21ean Eslovenian Europako Txapelketa jokatzeko. Nazioarteko eran jokatzen da, azkartasuna eta txukuntasuna uztartuz, eta Euskal Herritik hamabost segalari joango dira.

Atzo egin zuten aurkezpena Gipuzkoako Aldundian, eta bertan izan ziren Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatua, baita Asier Sarriegi kirol zuzendaria ere.

Horiekin batera, Europako Txapelketan arituko diren segalaririk gehienak ere ekitaldian izan ziren. Txapelketa honetara joateko, Almitza elkarteak antolatzen duen Ligan parte hartu behar izan dute, eta horren arabera lortu dute sailkatzea.

Izenei begira jarrita, Maguregi izango da gazteena, 16 urterekin, eta Mitxelena, Gabirondo, Altzo izango dira gizonezkoetan aurpegirik ezagunenak, eta Arrate Garin, emakumezkoetan.

Helburuei begira jarrita, ahalik eta lanik onena egitea izango da, eta ahal bada dominaren bat eskuratzea. «Gizonezkoetan ongi ibiltzeko bi minuturen bueltan ibili behar da, eta aldi berean oso txukun moztu behar da. Neskek sail txikiagoa izaten dute, eta aurrean sartzeko aukerak izateko minutu baten inguruan moztu behar da, eta hor ere oso txukun ebaki behar da», esan zuen Altzo segalari eta Almitza elkarteko kideak. Proba hauetan ez du balio azkar mozteak bakarrik, oso txukun ebaki behar izaten baita belarra, bestela zigorrak ezartzen baitira

Europako Txapelketa sega baino gehiago da, herri batek duen kultura nazioartean erakusteko ere balio izaten baitu. Kirolariez gain, dantzariak eta txistulariak ere eramango dituzte. Beste herrialdeekin harremanak estutzeko ere balioko du Esloveniako lehiaketa honek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo