GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA | Latasaren Oroimenezkoa

Lopez eta Arrospide, azken txanpan garaile

p032_f02.jpg

J.L.

Anjel Arrospidek eta Juanjo Lopezek irabazi zuten herenegun arratsaldean Sunbillan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa. Horiekin batera, Ohian Larretxea eta Olano izan ziren nagusi gazteetan, eta Iker Vicente, berriz, gaztetxoetan.

Sekulako jendetza batu zen Sunbillako pilotalekuan neurketa hau zuzenean ikusteko asmoarekin, eta bertaratu zirenek ez zuten izan damutzeko betarik, aizkolari guztiek sekulako maila eman baitzuten, eta emozioak ere azkeneko unera bitarte iraun zuen.

Maila nagusian lau lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta azkenekora Larretxea eta Atutxa aurretik heldu baziren ere, azkenekoan Lopezek eta Arrospidek aurka zuten denbora irauli, eta garaipena erdietsi zuten.

Gazteen saioa ere dotorea izan zen, eta azkenean Ohian Larretxeak erabaki zuen. Berako gaztea aurten lehen mailan arituko da, eta txapelketen aurrean sasoiko dagoela erakutsi zuen. Bikote bakoitzak hiru lan ezberdin egin behar izan zituen, eta borroka dezentea izan zuten Mugertza anaiekin, nahiz eta amaieran minututik gorako tartea lortu ahal izan zuten.

Gaztetxoen mailan Iker Vicentek garaipena erdietsi zuen. Zabaletarekin lehia handi samarra izan zuen, baina Bakarkako Urrezko Aizkoran gertatu zen bezalaxe, Otsagabikoak oraingoan ere txapela lortu zuen.

Urrezko Kopa

Etzi jokatuko da 19.30etik aurrera Donostiako Trinitate plazan Donostiako Urrezko Kopa. Bertan, Euskal Herriko Txapelketako finaleko aurreneko bostak lehiatuko dira. Urteroko legez, aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko erdibitu beharko ditu.

Honako hauek arituko dira: Olasagasti, Nazabal, Lopez, Azurmendi eta Otaegi. Lopez da egungo txapelduna, eta Lezaungoak nahiko du horretan errepikatu. Hala ere, faboritoa Nazabal izango da, baina Olasagastirekin kontuz ibili beharko dute. Igeldokoa da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta sasoiz ongi baldin badago, ez da lehen postutik aparte ibiliko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo