GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Behin batean Loiolan...

Zerk eta kanoikada batek hasiera eman, zeri eta Bilduk gobernatzen duen herri handi baten jaiei. Akabua! Batzuek hortxe aurkituko dute, abuztua ohi den albiste eskasen hilean, hainbat egunetako titularrak betetzeko bilatzen duten aitzakia. Erakundearen su-etena tranpa den seinalea! Ez dute gogoan izango, nahi ez, aurreko aginte-makiladunaren ardurapean mantendu dela urteetan kanoi-zuloa garbi; eta bolbora lehor. Baina, tira! etorri badatoz, berriro, piratak abordatzera; orain ofizialean etorri ere. Oraingoa bestelako ofizialtasuna da eta!

Albisteak albiste, batzuen blogek ez dute atsedenik hartzen, abuztuan ere ez. Nonbait, beheko Estatukoek hautestontzietara deitu izanak, gu geu ere, ezinegon asko eta askotarikoak ekarri ditu euskal lurraldeetara. Hauteskundeak bai, denek nahi zuten hori, baina... auskalo zertarako diren gauza orain arteko dependentzia nahi ez duten ezkerreko euskal herritar horiek! Hemen burtsetan bezala, konfiantza da krisi sakonean dena. Blogez blog, horra jelkideen aginte-makila duenak elikatzen duenekoa. Horrena bai etorria! inspirazio zabala gero! San Joanek korintiarrei baino gehiago idazten die horrek mediokoei. Portzierto, inoiz erantzun ote zioten korintiarrek? San Joani, jakina!. Jelkideen burua egun batean historiaz aritu eta beste batean partikula subatomikoez. Horrena bai passion for knowledge! Baina nago ni hainbat kontutan erratuta dagoela, oso. Lehengoan bere musa bakarra duen ezker abertzaleaz ari zela, beroni leporatu zion Neronena egitea, hots, liratan ibiltzea Erroma sutan dagoen bitartean. Ama, ama! azkarra gero! ez ote daki horrek Italia, momentuz behintzat, euro-zonan dela? Ez dela gehiago han lirarik? Eta, gainera, sutan dena ez da Erroma, demontre, Londres baino. Hau kolpea ere! han ur-kanoidun kamioak erabili ala ez eztabaidatzen ari dira, hemen ez dute inoiz halako dudarik izan, botoia sakatu eta tira! ura tira ere! Jakinda urak batzuetan erregaiarena egiten duela.

Kolperik kolpe. Erromako Aitak beheko Estatura egin behar duen bisitaren zorabioan erromesen topaketak Loiolan. Behin batean Loiolan... zen... Non eta mahaia zain dagoen lekuan, bere hankak zeintzuk diren behingoz argituta. Batzuk hantxe jesarrita, zain, baina aktibo. Beste batzuk kanpoan, jai, beheko Estatuan mezenas dutenari begira, lira jotzen, espetxeak sutan diren bitartean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo