BERRIA Enekoitz Telleria 2011/8/9
Merkatuaren errealitatea
Bezperakoak ez du egunerako balio, eta egunekoak agian bai bezperarako, baina ez hurrengo egunerako. AEBen gainbeherak eta Europan elkarrekin aritzeko ganora faltak zalantzan jartzen du dena. Zalantzan orain artekoa, eta zalantzan hemendik aurrerakoa. Eta ideia bat ari da denean nagusitzen: politika ekonomiari erantzun ezinda dabilela.
Europako Banku Zentralak ez zuela erreskate arriskuan zeuden herrialdeen zorrik erosiko esan zuen lehenengo, eta arrisku sariek inoiz ez bezala egin zuten gora. Europako Banku Zentralak erreskate arriskuan dauden herrialdeen zorra, Espainiarena eta Italiarena, erosiko zuela iragarri zuen bezperan, erosi zuen atzo eta arrisku sariek behera egin zuten atzo, baina burtsek, oraindik beherago. Suteak itzaltzea ez baita konponbideak ezartzea, eta horretan ari dira agintari asko aspaldian.
Finantzen globalizazioari bota diote errua adituek. Finantzen globalizazioak erabat ahuldu du, nonbait, herrialde garatuek finantza krisiari aurre egiteko izan zezaketen gaitasuna. Herrialde horietako erakundeen azpiegitura zaharkituta gelditu ei da finantza krisi globalizatuari aurre egiteko. Eta esaldi bat darabilte borobila: kapitalen eta zorren merkatuaren «errealitateak» gainditu ditu.
«Errealitateak» diote. Eta horretan asmatu dute. Orain arte erreala ez zenarekin jolasean aritzearen ondorioa izan baitaiteke, hein handi batean, gaur bizitzen ari diren egoera. Orain, izan ere, espekulatzaileen erruz daude gobernuak horren egoera larrian eta estu. Lehen espekulatzaile horien esku herrialdeko finantzen ardura osoa uztearen ondorio «erreala» ez ote da izango?