GARA > Idatzia > Kultura

Zuberoako bazterretatik zinema aretoetarako bidean da «Xora»

«Xora» pelikula filmatzeko lana joan den abuztuaren 7an bukatu zuten, hiru astez aritu ondoren Zuberoako bazter batean eta bestean grabatzen. Behin muntaketa egindakoan, zinema aretoetara iritsiko da, 2012ko martxo edo apiril bueltan. Oso-osorik zubereraz egindako lehen filma Hebentik elkartean osatu den zinemazale amateurren ekimena da.

p046_f01.jpg

Ainize BUTRON | MAULE

«Iragana ez ukatu, baina, geroa asmatu», hori da Hebentik elkartearen leloa, eta etorkizunari begiratu behar horretan zinemaren artearekin, goiz ala berant, topo egingo zutela pentsatzekoa zen.

Hebentik elkartean zinemazale talde bat osatu zen, eta film bat egiteko Xiberoa Zinez proiektua asmatu zuten orain dela lau urte eta erdi. Peio Cachenaut gidoia idazteko, Jeff Goienexpe eta Ttittika Rekalt aktore nagusi eta itzulpen lanetarako, Mixel Etxekopar musikarako... eta filma nolabait osatua zuten.

Eta guztiz amateur itxurakoa ematen zuenak joan den abuztuaren 3an Maulen erakutsitako irudia guztiz kontrakoa da. Abuztuaren 7an grabaketa osoa bukatzeko hiru egun falta zituztela topatu genituen Mauleko plazako Café des Allées «Dédé» ostatuan.

Bertan ziren minutu eta erdiko eszena bat egiteko. Zaila zen udako Maule huts horretan pelikula grabatzen ari zirenak ez ikustea. Kanpoan, frontoian, lau lagun pilotan ari ziren bitartean, eguzkiaren argia islatzeko ispiluz eta aluminioz eginiko lau panel jarriak zituzten argi teknikariek.

Arnaud zegoen horien zaintzen. Argi-teknikari ikasketak bukatu berri zituela, oporrak Maulen, «Xora» filmaren grabaketan, igarotzea erabaki zuen. «Panelak jarri ditugu eguzkiaren argia ostatuaren barnean islatzeko. Hots argitasun maila azkartzeko», argitu zuen panelen eginkizuna zehaztuz. Baina, kanpoko eszena baino, barnekoa zen ezohikoa. Jeff Goienexpe Ospitalepeko 32 urteko aktore nagusia ostatuan jarria, jaka ilun batez jantzia, zuzendariaren agindu zorrotzak betetzen saiatzen ari zela.

Berarekin batera, kamera bat, sei estra, Peio Cachenaut zuzendari eta gidoilaria, Joana Asurmendi ordezkaria, Alona Gallastegi makillatzailea eta Pierre Vissler soinularia bilduak ziren ostatu barruan.

Behin denak beren lekuetan kokatu ondoren, Peio Cachenauten boza nagusitzen zen: «Denak zuen lekuetara!, akzioa!»... superprodukzio baten gisara bota zituen egileak hitzak, eta berehala hasi ziren aktoreak beren rola jokatzen: X izeneko gaztea [Jeff Goienexpe] ostatuan jarria da hormari so; Nerea neskalaguna ostatuan sartu, eta ezustekoa emanez hurbiltzen zaio. Tartean, X izenekoari segika dabilen gizon beltzez jantzia ostatutik atera da.

Ordu batean hasi, eta hiruretan lortu zuten eszena hasieratik bukaerara zuzendariak nahi zuen bezala egitea. «Plano guztiak buruan ditu, beraz, milimetroan kalkulatuak ditu», azaldu zuen Mixel Etxekopar musikariak. Horrela, aktoreak pixka bat makillatu, zuzendariaren aholkuak entzun eta errepikatzen saiatu, eta etengabe, eszena behin eta berriz egiten aritu ziren, Cachenautek, lau lagunez inguratua, ordenagailu pantaila batean emaitza begiratzen zuen bitartean.

Lagunen arteko abentura

Steadicam bat alokatua zuten egun horretarako, kamera numerikoarekin, kameralariak mugituz grabatu ahal izateko. Eta egindako eszena bakoitzeko, zinemagintzarekin ezinbestean lotzen dugun ikur nagusia: klapa. «Eszena 13.2» botatzen zuen klapa zeraman neskatxak, eta zuzendariak jarraitzen zion: «Grabatzen dugu!».

Ostegun horretan Maulen eman zuten irudia, uztailaren 18an pelikula grabatzen hasi zirenetik errepikatzen aritu direna da. Mauleko PMU, Zinka, Bixta eder eta Gaztelua, Larraineko Pixta izeneko gunean, Santagrazi eta Heleta dira, hiru aste horietan egindako ibilbideko geralekuak. Superprodukzioa ematen bazuen ere, bertan bilduak ziren guztiak bertakoak izateaz gain, aspalditik elkar ezagutzen dutela ageri zen. Jeff Goienexpe Ospitalepekoa eta Peio Cachenaut Muskildikoa eskolan elkarrekin ibilitakoak dira. Biek 32 urte beteak dituztela, aspaldiko lagunak dira. «Ez nuen aktore izan nahi!», bota zuen Jeff Goienexpek filmean duen parte-hartzea aipatzerakoan. Baina, betiko adiskidea lagundu nahian onartu zuen desafioa.

Jeffen ondotik, bigarren rol nagusia Ttittika Rekaltek du, «Oiherkoren Trajedia» idazteaz gain, pastoral bat ere egina duenak. Horiekin, Zuberoako beste hamar aktorek parte hartzen dute, baita beste hainbat estrak ere. «Pelikula elkarrekin lan egiteko usaia dugun lagunen artean egin dugu. `Oiherkoren trajedia', `Etxebarre 007' bezalako ikusgarrietan parte hartu dugu jadanik. Baina, argi eta kamera lanetarako, esaterako, kanpoko teknikarien beharra izan dugu. Baina dinamika Hebentik elkartetik abiatu da», nabarmendu zuen zinemagileak.

Jeffek eta Ttittikak, antzeztu ez ezik, story board delakoan ere, irudi-gidoian, esku hartu dute, eta Cachenautek idatzitako eszenarioa luzaz eztabaidatu dute elkarrekin. Horiekin, herritarrak ere lotu dira. Café des Allées ostatuko jabea grabaketa horretan zegoen, ostatuko barra atxikitzen. «Ostatua grabaketarako utzi diet. Guztiak ezagutzen ditut, lekuko gazteak dira». Istorioa bera, Mauleko Cafe des Allées ostatu horretan eta bereziki fimaren afixan agerian jarria zen bezala, iluna da.

Idatzi eta idatzi

Egun guztietan harat-honat ibiltzeaz aserik, bere lanbideko perspektibak asperturik, nagusiaren eskaintzak ukanik ere, zuberotar gazte bat idazteari lotzen zaio suharki. Hala, bere osaba zaharrarengana jotzen du, Hollywood izenekoa, idazlea bere gisara eta Ameriketan izana.

Harengana hurbilduz, lehia eta miresmena sortuko da bi gizonen artean. Idazketak, bere bizitzan gero eta leku gehiago hartzen duen heinean, gizon gazteak aldaketa txiki bat nabaritzen du bere inguruan, bera ohartu gabe beltzez jantzitako gizon batek urratsez urrats jarraitzen baitio, gau eta egun zelatan dabilkio. Hori da, oraindik ere muntatzekoa dagoen film horren ildoa. Gizon beltzez jantzi hori nor da? Idazle gaztearen irudimenean sortua edo haren osabarenean? ala beste zerbait da?

Hiru asteko grabazio lan trinkoaren ondotik, bai zuzendariak, bai aktore nagusiek ere fisiko eta zainen aldetik oso akigarria dela nabarmendu zuten. Baina, orokorrean, dena oso ongi joan dela onartu du Peio Cachenautek: «Uste nuen proiektuaren alde barregarriena pasa zela grabatzen hasi aurretik, baina, azkenean, gauza asko gertatzen dira filmaketan ere, eta interesgarria da. Aurrekontu murritza genuela-eta, grabaketa hiru astera mugatu behar izan dugu. Kamera alokatzeko, egunero 10.000 euro ordaintzen ditugu», erran zuen egileak.

Joan den abuztuaren 7an bukatu dute grabatzen. Grabaketa laburra izan den era berean, muntaketak ere ez duela luze joko uste dute zuzendariak eta Baleukok, filma laguntzen duen produktoreak, eta abenduko Durangoko Azokarako lehen irudi batzuk kaleratu nahiko lituzketela azaldu zuten. Zinema aretoetan, 2012ko martxoan edo apirilean izan beharko luke.

XIBEROA ZINEZ

«Xiberoa zinez.... zinez ttipia, baina ez mundutik bereiz dagoen uharte bakartia!», aldarrikatzen dute «Xora» pelikularen egitasmoa errotik bukaerara arte eraman duten zuberotarrek.

HEBENTIK

Hebentik elkarteak urteak daramatza Zuberoan kultur arloan lan egiten. 2006an «Oiherkoren trajedia» egin ondoren, «Etxebarre 007», «Hebendik harat», eta 2010ean «Ekialde» ikusgarriak plazaratu ditu.

EGURALDIA

Hiru asteko grabaketa oro har ongi igaro da «Xora»-ren egileen ustez, eguraldiarekin izandako gorabeherak izan ezik. «Euskal Herrian izan dugun uda euritsuenean tokatu behar grabaketa egitea!», erran zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo