GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Udazkena

Abuztuaren erdialdea pasa berri dugun arren, udazkenean sentitzen naiz ni. Ia iritsi ez den hori, jada joan egin dela sentitzen hasia naiz. Baina ez nau harritzen, ez nau asaldatzen: ohikoa dut ezdenbora hau, han nintzenean hemengo, eta hemen nagoenean hango sentitu behar hori. Oraintxe bertan, leihotik sartzen den haizeari halako usain malenkoniatsua hartzen diot, gaztetan eskolak hasten genitueneko eguzki hotz hura; ezjakintasunaren lotsa, ezagutzeko gosearekin estaltzen genuen garai oparo hura. Nerbioak genituen, ez baikenekien ikaskide berrien artean nola egokituko ginen. Bibotea egin genuen estreinakoz, koadernoak zuri-zuriak zeuden oraindik. Akaso gutxiengoa izango gara, ezdenboran gabiltzanok. Aurpegieragatik ezagutuko dugu elkar, han urrunean dagoen morroi zurbil konkortu hori, eta akaso une batez begiratuko diogu elkarri, herabe eta umiliatu. Gero pauso azkarrez ospa egingo dugu, inork gure baitan sekretuak irakurtzen jakingo ez duen nonbaitera. Zer da beti arrotz ageri zaigun mundu kalamidade hau? Jende normalak, oinezkoak, dendariak, txoferrak edota lankideak ikusten dituen tokian, geuk «bestea» ikusten dugu, beti ukatzen zaigun keinu maitekorra, atsegin azaldu nahi ez duen oinezko, dendari, txofer edo lankide funtzionala, autosufizientea. Gailur ezinezkoa. Munduak guretzako duen lagun agertzeko uzkurkeria betierekoa eskuen artean lehertzen zaigu beti. Ezagutza berriak, elkar maitatzeko promesa izango baitira, beti norbait gure zain egongo delako sentimendu patxadatsua, etxekoa. Posible izango delako ametsa. Baina berehala zapuzten da, beti gaudelako besteek eskaintzen digutena hartzeko grinatsuegi, edo beldurtuegi, beti «behar ez den bezala». Abuztu betean gaudela esango didazue, baina niretzat, udazkena, udazkena da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo