GARA > Idatzia > Kultura

Bermutean... NORA GALPARSORO

«Ekintza batzuetan ordezkari naiz; eta besteetan, Nora»

p048_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
 
Apirilean bueltatu zen Edinburgotik, ingelesa ikastera joan baitzen urtebete lehenago. Bere egunerokotasuna aldatu duten gertaerak azkar jazo ziren, bata bestearen atzetik: itzuli eta hilabetera, maiatzean, udal eta batzar nagusietako hauteskundeak izan ziren Euskal Herrian, eta Bilduk boz horietan lortutako arrakastari esker, Donostiako udal gobernuko kide bihurtu zen. Geroztik, Nora Galparsoro (Donostia, 1986) Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzia da, lan taldeko gazteena, hain zuzen.
 
Bi hilabete eskas igaro direnean, «asko» ikasi duela onartzen du, «administrazioaren beraren eta departamentuen funtzionamenduaren inguruan, esaterako». Hala ere, oraindik egiteko lan handia dagoela uste du. Lana eta lana; izan ere, aurtengo udaran ezin izan du oporrik hartu: «Abuztua kanpora joateko aprobetxatu izan ohi dut, baina aurten…aurrerago hartuko dut atsedena». Udaran beste herri eta lurralde batzuk ezagutzera joateaz gain, kanpoan urte askotan bizi izan dela kontatu digu; beraz, Donostia Aste Nagusia ospatzen ari zenean atzerrian «harrapatu» izan duela azaldu du.
 
Bere lanbide berriak hori ere aldatuko du,  ordea; izan ere, udal ordezkari gisa hainbat ekitalditan izan beharko du egunotan. «Piratek Abordatzearen egunean egingo duten bazkarira adibidez, zinegotzi moduan gerturatuko gara udal gobernu osoa; baina beste batzuetan, Nora Galparsoro bezala hartuko dut parte». Berak ere, beste milaka euskal gaztek bezala, lagunekin txalupa egingo du, portutik irten ostean Kontxako hondartza abordatu nahian.
 
Piraten gainontzeko ekintzak gustuko ditu eta Zea Maysek ostegunean Saguesen eskainiko duen kontzertura hurbilduko da; baina Noraren arrastoak hor amaitzen dira, ez baitu aurreratu Aste Nagusian beste zein gunetan ibiltzeko asmoa duen.
 
Zoritxarrez, azkenaldian Euskal Herriko hainbat festetan izan diren sexu erasoen gaineko salaketek ere alarmak piztera bultzatu dute Donostiako Udala, eta «Ezetz da ezetz» kanpaina abiarazi du Emakunderekin lankidetzan. Erasoen aurrean nola jokatu informatuko da, baina ez soilik emakumeen aurka burutzen diren erasoak, Oiartzunen mutil batek sufritu baitzuen bortxaketa. «Hala ere badaude hirugarren mailako erasoak, jendeak broma gisa hartzen dituenak eta azkenean bideratzen dute gauza larriagoak onartzera», ohartarazi du. Festetan halako gertaerak jazo ez daitezen desioarekin, «ezetz ezetz dela» dela gogorarazi du zinegotzi gazteak.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo