GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Kantxetara bikain itzuli da aresoarra

Garaipenen ezerezkeria

Kantxetatik kanpo sei hilabete eman eta gero, bost egunetan jokatutako lau partidak irabazi ditu Olazabalek.

p027_f01_149x117.jpg

Jon ORMAZABAL

«Oraintxe disfrutatu egin nahi dut, askotan partidak galdu eta partida txarrak egin ostean oso disgustatuta itzuli izan naiz etxera; baina gaizki egon naizenean, lesionatuta... konturatzen zara ze inportantzia gutxi duen askotan emaitza batek. Argi dago beti ezin dela ondo jokatu; une txarragoak etortzen dira, eta galtzen bada, zer egingo da, hurrengoan saiatu eta garaipenak etorriko dira». Hausnarketa hori Zarautzen egin zuen Mikel Olazabalek iragan igandean, ETBko mikrofonoetan, sei hilabete kantxetatik kanpo egon ostean, bigarren partida jokatu atarian, eta emaitzak erlatibizatzen ikastea aresoarrari bikain etorri zaiola esan daiteke, azken bost egunetan jokatutako lau partidak irabaztea lortu baitu Aspeko aurrelariak.

Galdutakoan eman ohi dio gizakiak bere balioa benetan garrantzitsua den horri, eta pasatako kalbarioaren ostean, Leitzan, Zarautzen birritan eta Meñakan lortutako garaipenen garrantzia bigarren mailakoa izan daiteke, baina nekez egongo da errekuperazioa erabatekoa izan den froga argigarriagorik; kantxetatik at sei hilabete eman ostean, bost egunetan lau partida jasaten dituena ondo osatua behar du derrigorrez.

Gorputzak ez ezik, buruak ere ikaragarri sufritu ohi du halakoetan eta normala izaten da lehen partidetan kalbarioa errepikatzearen beldurra hor egotea. Zorionez, Mikel Olazabalen kasuan ez da halakorik gertatu. «Eskua ondo sentitzen dut eta horregatik ez dut beldurrik, jendeak esaten dit partida gehiegi izan daitezkeela jarraian, baina eskua ondo daukat. Entrenamenduetan ezkerrak ondo erantzun du eta konfiantza handia daukat. Egia esan zauriak hor jarraitzen du, lehen ireki zen eta berriz ere ireki daiteke, baina eman beharreko masajeak eta emanda, ahal den mimo gehienak egin, eta ea errespetatzen duen».

Txikitako ezbeharra

Izan ere, aresoarra kantxatik at eduki duena oso ezohiko lesioa izan da pilotari batentzat. 6 urte zituela, etxeko sukaldeko txapan ezker eskua erre zuen Mikel Olazabalek eta erredura hark utzi zion orbaina ireki zitzaion otsailaren 2an, Logroñon, Bigarren Mailako Binakako Txapelketako partida jokatzen ari zela. Geroztik, osatze prozesuan, beste bitan ere ireki zitzaion orbaina eta denbora eta Logroño bertako masajista batekin egindako hamaika saioak lagun, indartsu itzuli da kantxetara.

«Garbi dago momenturik txarrenak lesioak direla, baina argi dago baita hau kirola dela eta lesioak kirolaren parte bat direla. Inori ez zaio gustatzen, baina tokatzen denean aguantatzea beste erremediorik ez da geratzen, ahalik eta azkarren sendatzen saiatu, baina denak bere denbora behar izaten du», azaldu zuen Mikel Olazabalek.

Patuak izaten dituen kapritxo horiengatik, 2007an profesionaletan debuta egin zuenean bezalaxe, abuztuaren 13an eta horren kuttuna duen Leitzako pilotalekuan itzuli zen berriz ere kantxetara Aspeko pilotaria. Aresokoa izanik, etxetik horren gertu duen Amazabal pilotalekuan entrenatu ohi da Olazabal, eta alde horretatik ere, ezin itzulerarako leku aproposagorik aukeratu.

Azterketa zailenak gainditua dirudienez, pixkanaka garai batean izandako maila berreskuratzea izango da aresoarraren hurrengo erronka. Debuta egin eta urtebetera jo zuen goia Aspeko aurrelariak, lau eta erdiko txapelketaren final hamaseirenetan Oinatz Bengoetxea kanporatu zuenean, Tolosan, 22-16 irabazita. Hurrengo kanporaketan, Juantxo Kokak tanto bakarragatik utzi zuen txapelketatik at, bere arreba bakarra ezkondu zen egunean bertan, Labriten.

Helburu hori lortzea ez du erraza izango Olazabalek, asko baitira amets bera duten gazteak. Hori bai, aresoarrak dagoeneko ondo gainditu du kirolari batek izan ohi duen ikasgairik zailenetako bat.

Problemas para completar festivales

La acumulación de partidos, las lesiones de pelotaris como Urrutikoetxea, Iker Arretxe o Tainta y la reducción de plantilla está haciendo que Asegarce tenga que recurrir a pelotaris de otras empresas para poder cerrar los festivales comprometidos.

De esta manera, Juanarena, Apezetxea y Gorka, pelotaris todos ellos de Aspe, han completado la cartelera en los recientes festivales de Zarautz -festival mixto- y de Tafalla -festival exclusivo de Asegarce-, pero el caso más curioso se dio el martes por la noche en Aretxabaleta, donde los gerentes de la promotora bilbaina recurrieron a Aratz Mendizabal, actualmente en Garfe.

Y es que, se da la circunstancia de que Asegarce tomó la decisión de no renovar su contrato al delantero de Zaldibia el pasado mes de junio. Curiosamente, el delantero guipuzcoano jugó una buena parte de sus partidos como profesional de Asegarce en festivales organizados por Aspe, ya que la empresa eibartarra tuvo problemas similares a los que ahora mismo atraviesa Asegarce al comienzo del verano. J.O.

Berasaluze, bueltan

Ipurtaldean izandako lesioa gaindituta, Pablo Berasaluze ere asteartean itzuli zen kantxetara, bi astez geldirik egon ostean. Patxi Ruizekin, 22-18 galdu zuen Aretxabaletan, Saralegi eta Beginoren aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo