GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Eneritz

Eneritz hasi berria da, 6 urte zituenetik solfeoa, eskusoinua eta pianoa ikasten aritu den musikari hasberria. Hurrengo hiru urteak Frankfurteko kontserbatorio batean emango dituen klase ertaineko alaba. Musikaren hizkuntzaren ezagutza handia duen ikasle aurreratua. Gaur, ordea, hamabi urteren ondoren, bere lehen kantua idatzi du. Munduari eta gurasoei, txandaka, sufritzen duen «oinaze» guztiaren errua leporatzen dien kantu «argigarria». Lehen kantu guztiak izan ohi dira argigarriak. Horregatik da hasberria, munduko edozein musika irakaslerentzat traketsa, topikoa eta eskasa gertatzen den lehen kantua idatzi duelako. Orain badakielako zer den barruak husten saiatzea, eta, zorionez, kantuetan bederen, lehenengoarekin beti asmatzen baita horretan.

Eneritzek, lehen kantua egiteko, gitarra erabili du. Gelako horman zintzilik duen piano tituluari buelta eman dio eta duela urte batzuk, idazle izan nahi zuen garai nahasian, zirriborratutako desamodio poema, inori erakutsi ez zion poema, hartu du eskuetan. Aurrena bizi eta gero kantuak egin. Ez daki zergatik gertatu zaion, hainbestetan saiatu ondoren, oraingoan, hain erraza. Musikarekin zerikusirik ez duten arrazoi askok baldintzatzen dituzte lehen kantuak eta Eneritzek orain deskubritu du munduko kontserbatorio guztiek mendeetan, korporatibismoz, ezkutatu dutena; musikarik «jakin» gabe ere idatz daitezke kantuak, kantu bikainak.

Indarrez eta ausardiaz betetako lehen kantua idatzi duzu. Zorionak Eneritz. Gogoratu soilik lagunei posta elektronikoz bidaltzen diezunean bihurtuko zarela, ofizialki, kantu egile. Sakatu enter eta ez da izango atzera bueltarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo