GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega EuropakoTxapelketa

Podiumera igotzea da euskaldunen ametsa

Euskal Herriko selekzioarekin hamar gizonezko eta bost emakumezko arituko dira bihar Eslovenian.

p032_f01_149x109.jpg

Jon LEUNDA

Euskal segalariak prest daude bihar Eslovenian jokatuko den Europako Txapelketan emaitza onak lortzeko. Euskal Herria ordezkatuko dute lehian, eta ikurrina podiumean ikustea izango dute ametsetako bat.

Gaur taldekako torneo bat jokatuko dute, baina lehiaketa bihar izango da, 12.00etatik aurrera. Euskal Herritik honako segalari hauek joan dira: Gabirondo, Altzo, Mitxelena, Egia, Arteaga, O. Urkola, A. Urkola, Agirrezabala, Iraola eta Maguregi, mutiletan; eta Garin, Geresta, Galarraga, Astondoa eta Ezeiza, nesketan.

Mutilek 10x10eko sail bana ebaki beharko dute, eta neskek, aldiz, 5x7ko bana. Azkartasuna eta txukuntasuna uztartu beharko da, ez baitu azkar ebakitzeak bakarrik balio, txukun ere ebaki behar izaten da, bestela zigorrak ezartzen baitira. Esloveniako oroitzapenak, gainera, onak dira euskaldunentzat, Europako Txapelketa han azkeneko aldiz jokatu zenean, emakumezkoetan Izaskun Larrartek irabazi egin baitzuen.

Helburuak

Euskaldunak ahalik eta lanik onena egitera doaz Esloveniara, Altzok, Almitza elkarteko kide eta segalariak, esandakoaren arabera. «Helburua ahalik eta lanik onena egitea da. Azkenean segalari asko dira eta edozer gerta daiteke. Mutiletan aurrean ibiltzeko bi minuturen bueltan ibili behar da, eta belarra oso ongi ebaki. Nesketan, berriz, minututik behera ibili beharra dago zerbait egin nahi bada, eta hor ere belarra oso txukun ebakiz», dio zaldibiarrak.

Aurkariak aipatzerakoan, garbi dauka, suitzarrak eta alemaniarrak izango direla aurrean. «Suitzarrak eta alemaniarrak aurrean ibiliko dira, horretan ez daukagu dudarik. Gero ikusi beharko da, segalari berriren bat ere ager daiteke-eta. Egun iritsi arte ezingo da ezer jakin», dio.

Aurkituko duten belarrari buruz ez daki askorik. «Lehen izan ginenean, ereindako belarra aurkitu genuen. Oraingorako, argazki batzuk bidali dizkigute, eta naturala dela ematen du, baina ez dakigu noizko argazkiak diren, eta eguna iritsi bitarte, itxaron egin beharko dugu», esan zuen Altzok.

Txapelketako giroa berotzeko, gaur taldekako torneo bat jokatuko dute. Bertan bi gizonezkok eta bi emakumezkok osatu beharko dute taldea. Gauzak aldatzen ez badira, talde horretan Gabirondo, Mitxelena, Garin eta Galarraga arituko dira, eta bakoitzak 50 metro koadroko sail bat ebaki beharko du. Amaieran sariak banatuko dira.

Hala ere, biharko lehiaketa izango da garrantzitsuena, hor erabakiko baita zeintzuk diren Europako onenak nesketan eta mutiletan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo