GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Hitzen esanahia

Lander GARRO

Maria Antonietaren lepoa moztuz geroztik, gizakiak beti uste izan du, demokrazian bizitzea zer den badakiela. Ergelenek ere badakite «demokrazia» hitza ahoskatzeko ikastaroetan esaten den bezala esaten, hizkiak jan gabe, silaba bakoitza aho sabaiarekin egoki eta harro moztuz. Gustua ere hartu diote zenbaitek, halako plazera eragiten baitu, orgasmikoa ia. Baina horrenbeste esan, azkenean bizio bilakatzen da, badakizue, eta azkenean hitza hustu egiten da; esanahia eta hitza bera betiko aldendu izan balira bezala. Berdin gertatzen zaio, nire ustez, Donostiari «jaia» hitzarekin, edo berdin gertatzen zitzaion, behintzat, berriki arte. Ze festa ez baita sekula izan, eta ez baita sekula izango, jertsea le- poan jarrita kalean bueltaka ibiltzea. Ikusi giza-estatua hori, egipziarrez jantzita dago; ez da ikuskizun bikaina, baina, tira, bada zerbait. Izozkia hartu eta Saguesera joan gaitezke, Espainiako pop izar itzaliei distira pixka bat bueltatzera. Txa-txa-txa pittin bat dantzatuko dugu, modak lurperatutako kantari noizbait famatu haiek sufrituz (hain justu txarrak direlako zokoratu baititu munduak). Eta zer esan mundu zabaletik propio guretzat etorritako su artifizialei buruz? Txinparta koloretsu aparteko haiek! Bum!, ooooooh, bum!, aaaaaaaah, parra-parra-parra-parra-PA! Kale kantoietako punk-txirulariak baina ikuskizun ederragoa dira behintzat.

Baina, izan gaitezen serio: ekintza hauek guztiak ikusleentzako ekintzak dira, turistentzako. Jaiak, jaiak betitik ulertu diren bezala, beste gauza bat dira, nahasiagoak, zikinagoak, trauskilagoak, eroagoak... ez dira, inola ere, ikuskizun sorta bat haien artean paseiatzeko, txintxo, otzan eta kaskarin, hura pasarela bat balitz bezala. Horregatik maite ditut piratak. Piratek badute gauzei bere izenez deitzeko bertutea: hau ontzi bat da, hura irla bat da, hau abordai bat da... hauek Donostiako jaiak dira, zureak eta nireak, gureak guztionak. Maite dut gardentasun hori. Eta maite dut hasieran ikuskizun baztertua zena, ikuskizun guztietan jendetsuena zein natural bilakatu den egiaztatzea. Orain arte ikusteko zena, bustitzeko bilakatu da. Bustitzen ez dena, nahi ez duelako da, ez uzten ez diotelako. Maria Antonietari lepoa moztu ziotenek bezekiten zerbait horretaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo