Josu Jimenez Maia Idazlea
«De gustibus non est disputandum»
Apaizen lotsak airean ikusirik, pederastia kasuen aurrean Eliza katolikoaren jokaera mafiosotzat har daiteke Ez ukitu umeak. Utzi bakean umeak. Mesedez, otoi eta arren. Sinesdunek ere eskertuko lukete
Egunotan Joseph Ratzinger Madrilera joan eta ultrakatolikoak azaltzen dira leku orotan. Euskal Herrian ere ez gara hortaz libratu, eta hemen, Hegoaldean zein Iparraldean, izan ditugu katoliko txiletarrak bandera eta guzti Donostiako festen bezperan, Bulebarrean; katoliko senegaldarrak Larraineko mezan, pastoralaren egunean; katoliko kanadarrak dantza mistikoan Baionako katedralaren aurrean, eta katoliko frantsesak Iruñean, entzierroaren monumentuan igota... bat adarkada eder bat jasota joanen den arren; antza, ez Jainkoak, ez San Ferminen kapotikoak, ez Benedikto XVI.ak ere ez dute babesterik izan erromes gazte hori brontzezko zezen adar-fin horretatik...
Baina, bitxikeriak bazter utzita, bisita profitatzen ari dira mezu ultrakatolikoa zabaltzeko euren komunikabideen bidez. Komunikabide horiek beraiek, alta, ederki saiatu dira estaltzen azken garaiotan azaleratutako pederastia kasuak. Eliza katolikoak hainbat urtez ezkutuan eta gorderik izan dituen apaiz pedofiloen auzi batzuk azaleratzen dira herrialdez herrialde eta egunez egun. Direnak badira ere, diren guztiak ez dira azaleratu. Izan ere, hasierako asaldura igaro eta gero, Eliza katolikoak kontraeraso mediatikoa jartzen ohi du abian eta menpeko kazetariak Eliza katolikoaren mixeriak estaltzen saiatzen dira.
Ez dut irakurlea aspertu nahi kasuan kasuko eta tokian tokiko zehaztapenekin, baina ez da aski, inolaz ere, Joseph Ratzinger kezkatuta agertzea, kasurako, Irlandan gertatutakoarekin, Belgikako gotzainen bat edo beste kargugabetzea, edo pederastiaren aurka irmo hitz egitea. Izanez ere, Eliza katolikoak beti erabili du hitza bere pribilegioei eusteko: pribilegioak, bai, ezen ez eskubideak.
Bestalde, horrelako kasu nabarmenak ateratzen direnean, prentsan beti agertzen dira ultrakatolikoak biktimarena egiten: Elizak kontrolatzen dituen komunikabideak, agerikoa dena ezkutatu ezinik, justifikaezina justifikatu nahian dabiltza: «bekatu» hitza erabiltzen dute euren argudioetan, segituan «bekatuen barkazioaz» hitz egiten hasteko.
«Bekatuak» egin dituztela aitortuta ere, eta delitugileak bekatu egin duela onartuta ere, «absolbituak» izan behar al dira apaiz pederastak de facto? Ratzingerrek hitz batzuk esanda, «ego te absolbo in nomine patri, et filli et espiritus sancti», kasu, apaiz pederasta bat absolbituta al dago? Ez dira bekatuak, delituak baizik, bekatu hitza ezin baita agertu estatu ez konfesional baten zigor kodean.
Izan ere, apaizen lotsak airean ikusirik, pederastia kasuen aurrean Eliza katolikoaren jokaera mafiosotzat har daiteke, apaiz pedofiloak babestu eta babesten baititu mafia batek eginen lukeen gisara. Ezin bestelakorik espero, jakina baita Eliza katolikoa erabat hierarkizatuta dagoela eta demokratikoa ez dela; halere, delitu-egileak babestea ez al da delitu?
Baina Elizarekin egiten dugunean topo... Gotzainek lekuz aldatzen dituzte apaiz pederastak, eta dena estaltzen dute ad maioren gloriam Ecclesiae.
Jesukristok esana omen: «Petri (Harri) zira zu, eta harri horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko». Hala agertzen da Marcel Etchehandyk lapurtar-baxenabartarrentzat egokitutako Biblia zoragarrian. Herioaren indarrak agian ez, baina haragiaren indarrak Elizaren zimendu sakratuenak eraisten ari dira. «Sinite parvulos venire ad me» ere esan omen zuen Jesukristok, baina ez apaiz horiek guztiek euren sexu-grinak asetzeko.
Bai, badakit «haragia ahula dela...». Orduan, Eliza katolikoak inoiz eginen ez duen deialdi isil-ozena zabal bedi, zelibatuaren agindu zaharkitu hori bertan behera utzita, apaizak ezkon daitezen. Ez dute ezkondu nahi? Orduan bizi daitezela «alberdanian eta olgetan» nahi duten emakumearekin -ez zen izango ez lehen kasua, ezta azkena ere-. Bestalde, apaiz batek gizonezko batekin nahiago duela bizi? Ni homosexuala ez naizen arren, begirune osoa zor diot aukera horri. Gainera, homosexualismoa ez dago duela urte gutxi batzuk bezain gaizki ikusita gure gizartean, zorionez. Izan ere, de gustibus non est disputandum... Baina, orobat, ez ukitu umeak. Utzi bakean umeak. Mesedez, otoi eta arren. Sinesdunek ere eskertuko lukete.
Bitartean, horrelako txisteak eginen ditu jendeak:
Hegazkin batean, sei lagun: mediku bat, abokatu bat, apaiz bat eta hiru ume. Hegazkina lurra jotzeko zorian dela, ohartzen dira hiru paraxut baizik ez daudela.
Medikuak dio: «Lehenik, umeak!».
Abokatuak dio: «Popatik hartzera umeak!».
Eta apaizak: «Baina, popatik emateko astirik bai?».
Zergatik egiten dugu irri? Txisteak funtzionatzen duelako, eta txisteak funtzionatzen du testuinguruan apaiz pederastak daudelako. Beste testuinguru sanoago batean, txisteak ez luke funtzionatuko eta ez litzateke irrigarria izango.