GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Trabak traba, ongi etorri, Marijaia

Kirmen Uriberen pregoi labur, original eta umore ikutua izango duenak eta Patricia Lezamaren txupinazoak askatuko dute gaur arratsaldeko zazpietan, Arriagako balkoietan, Marijaiaren festa-espiritua, Bilbon zehar zabaldu dadin. Bilbotar askok, euskal herritar askok Iruñetik, Baionatik, Gasteiztik, Donostiatik eta beste hainbat herritatik igaro dira azken asteotan; hala ere, oraindino badute, beharko dute-eta, nahikoa indar bederatzi egunean goizetik goizera festa bizitzeko. Bilboren txanda da, eta Bilbok eta bilbotarrek, Aste Nagusian parte hartzen duten guztiek ez dute huts egingo, herri jaiak izateko urteetako ahaleginak hamaika traba gainditu behar baditu ere. Izan ere, herri ekimenetik sortutako jai horiek beste festa eredu bat dute aurrean, Udalaren arduradunena, eredu elitista, Aste Nagusia produktu turistiko hutsa bihurtu nahi duena. Eredu horren kontra eta bi konpartsari ezarritako zigorra salatzeko, aurten ere konpartsek planto egingo dute 24an. Eta herri honetan jaia eta aldarrikapenak uztartzea ohitura eta premia denez, ez dira faltako bestelako mobilizazioak, adierazpen askatasuna gogoko ez dutenen mehatxupean bada ere. Ongi etorri kanpotik heldutakoak bilbotar sentiarazten dituen jaia, ongi etorri elkartasuna babestu eta inposizioa eta eraso sexistak onartzen ez dituen jaia, herritar denen parte-hartzea eskaini eta gura duen jaia. Ongi etorri, Marijaia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo