NARRATIVA
Zubiaren begia
Iker ZALDUA
XVI. mendean paratu zituen pilareak Vixegrad hirian zubiak eta Lehen Mundu Gerran kalte handiak izan zituen. Bitarte horretan arrantzaleak, haurrak, kafe-saltzaileak, merkatariak, soldaduak edota iman eta popeak igaro dira handik, turkiar, serbiar eta bosniarren arteko elkarbizitza konplexu eta zalapartatsua taxutuz; kristau, musulman eta juduen bateraezintasunaren lekuko. Errealitateak gobernatzen duen agertoki horretan fikziozko zenbait pasarte tartekatzen dira liburuan; elezaharrak, ipuin zoragarriak eta gertakari harrigarriak lau mendetako historia izugarriaren espazio egiazkoan.
Obaba etorri zait gogora behin baino gehiagotan liburua osatzen duten hogeita lau kapituluetan egindako bidaia zirraragarrian, kasu honetan egiazko hiri bat da gorabehera guztien lekuko, baina egituran antza hartu diet bi liburuei. Zenbait pasarte bakarka irakurrita itzelak dira, zenbait pasarte irakurtzeko ez da derrigorrezkoa aurretik dagoena irakurtzea, baina aurrera egin ahala ohartzen gara, kapitulu guztiak ongi josita daudela eta azkena aurrez garatutako kontakizunaren ondarea dela. Obaban basurde zuriaren ipuina bereizten dut nire imajinarioan gordetzeko, kasu honetan Milan jokozale amorratuaren kapitulua gorde dut patrikan.
Baina esan dudan bezala, kapituluak elkarri lotuta daude, zenbaitetan kronologiak egiten du zubi-lana, beste batzuetan ahaidetasun-lotura da aurrekoa eta hurrengoa besarkarazten dituena. Adibide batera, Milan jokozaleak badu bere kapitulua, aurrerago bere ilobak, Nikola Glasintsanin gazteak izango duen bezala. Horrela ahaidetasun-loturak egiten hasita, hirixkako zuhaitz genealogiko polita landa daiteke.
Kontakizun guztiek zubiarekin lotura zuzena dute, han gertatuak dira edo han "kontatuak". Ivo Andritx zubiaren gainetik hegan balego bezala kokatzen da, dena ikuskatuz eta dena ikusiz, ez da bozeramaile lanetara mugatzen, sarritan bere iritzia ematen du itzulingurutan ibili gabe eta historia luze horri buruz esatekoa duenaren zertzelada batzuk irristatzen zaizkio. Gogoan izan behar da idazlea bera zubi hartako egoile izan zela eta berak ere kontagai duen historia horretako zati bat partekatzen duela.
Alberdania eta Elkar argitaletxeen artean osatzen ari diren Literatura Unibertsala sailean 151. zenbakia hartu du zubiak. Karlos Zabalak egin du itzulpena eta primeran egin ere. Leku-izenei dagokienez, jatorrizkoak errespetatu dituen arren, gure grafiara moldatu ditu hobeto ulertze aldera edo. Bestalde, zenbait hitz jatorrizko hizkuntzan paratzea erabaki du eta amaieran hiztegi bat moldatu du esanahia erakutsiz. Neronek hitz horien azalpena orrialdean bertan eskertuko nituzke, atzera-aurrera ez ibiltzeko, baina tira, hori edizio kontua izango da.
Azkenik gomendio egiten dizuet Kapijan (zubiaren erdialdeko terraza) esertzeko, gozamen itzela hartuko baituzue hogeita lau kapituluk ematen diguten ikuskizunarekin.