Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Kristofen heriotzan
Ingalaterrako egunkari baten bitartez heldu zitzaidan berria. Honek, berriz, Hungariako MIT albiste agentziaren bidez jaso zuen albistea. Testua arras laburra zen. «75 urte zituela, hil da Agota Kristof Neuchâtelen zuen etxean». Agidanez, idazlearen senideek bidali zuten oharra hedabideetara.
Hungarian jaio zen Agota Kristof, baina jaioterriko egoera politikoa tarteko Suitzara erbesteratu zen eta han igaro zituen bere bizitzako urterik gehienak. Hungarian zela hasi zen Kristof idazten, denbora-pasa gisa. Behin erbestean, arrazoi pertsonalak eta politikoak tarteko, idazten jarraitu zuen baina oraingoan frantsesez. Esaten zuenez, hasiera batean erabat arrotza zitzaion hizkuntzan aritzeak gaiari zuzenago heltzea, beharrezkoak ez ziren hitzak eta esamoldeak baztertzea ahalbidetu zion. Esku artean zituen gaiei begira, gerraren izugarrikeria, bakardadea, nortasun gatazkak, zehaztasuna ezinbestekoa zen.
Kristofen lanen artean aipatzekoak dira «K hiriko trilogia» delakoaren parte diren nobelak: «Le grand cahier», «La preuve» eta «Le troisième mensonge». Lehenengoa Eskarne Mujikak euskarara itzuli eta Alberdania argitaletxeak kaleratu zuen, 1997an, «Koaderno handia» izenburuarekin. (Eskarne Mujikari zor zaizkio, halaber, «Hier» nobela laburraren eta Kristofen hainbat narrazio biltzen dituen «Berdin dio» bildumaren euskarazko itzulpena).
«Koaderno handia» Kristofen estiloaren emaitzarik borobilenetakoa dugu. Era berean, muturreko indarkeria nagusitzen denean gizakia zer-nolako degradazio mailara irits daitekeen ezin hobeto islatzen du nobelak. Zinez faltan botako dugu Kristofen begirada zorrotza.