Inposizio guztiak salatzeko Bilbon egingo den manifestazioa debekatzeko eskatu du PPk
GARA | BILBO
Carlos Urquijo PPko parlamentariak epaileei aurrea hartu nahi izan die, eta abuztuaren 26rako Bilbon deitutako manifestazio nazionala debeka dezala eskatu zion atzo Gasteizko Gobernuko Barne sailburu Rodolfo Aresi.
Martxa bertan behera uzteko «frogak badaude», legebiltzarkide eskuindarraren ustez, baina ez zuen azaldu zer-nolako «frogak» atzeman dituen.
Europa Press agentziari eginiko adierazpenetan, «jende normala jaiegun eta atseden egunetan halako ekintzak ikusteaz asperturik dagoela» uste duela esan zuen Urquijok. Parlamentari espainiarraren adierazpenak entzunda, badirudi abertzaleak ez direla «jende normala», PPko politikariaren iritziz.
Bestalde, Urquijok dioenez, «mundu guztiak daki nor dagoen 26rako antolatu den ekitaldiaren atzean, eta horretarako, ez da beharrezkoa aditua izatea edota alderdi politikoren batean egotea». Gaineratu zuenez, «legez kanpo dagoen alderdi batek antolatu du, eta beraz, ezin da gisa horretako deialdirik onartu».
Deialdiaren egilea ez da ezker abertzalea, ordea, ostegunean egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, hainbat «herritar konprometituk» antolatu baitute euskal identitatearen eta naziotasunaren alde eta «espainolizazio» saiakeren aurka datorren ostiralean egitekoa den manifestazioa, Iker Roblesek eta Edorta Jimenez besteak beste, baina ez politikariek.
«Frogak badaude»
Hala eta guztiz ere, Bilboko martxarako deialdia «talde terrorista» baten proiektu politikoa defendatzeko egin dutela uste du Urquijok.
Horregatik, gaineratu zuenez, Lakuako Barne Sailak manifestazioa debeka dezan aurkeztu beharreko frogak aurkeztea dagokio orain Ertzaintzari, «frogak badaude-eta», bere ustez.
Horrez gain, Madrileko Auzitegi Nazionalak ere «adi egon» behar duela, eta manifestazioa ekiditeko «beharrezko» txostenak lortu behar dituela adierazi zuen, Estatu espainolaren inposizio guztiak salatzeko eta euskal naziotasuna aldarrikatzeko helburuz iragarri den manifestazioa bertan behera geratzeko.
Alderdi Popularreko legebiltzarkideak argudiatu zuenez, «Euskal Autonomia Erkidegoan ez dugu jasaten terrorismoarekin zerikusirik duen gairik, ezta indarkeria babesten dituzten pertsonak ere».
Beraren iritziz, Rodolfo Aresek aurrea hartu ahal du, eta «Ertzaintzak dituen frogak baliatuz», manifestazioa debekatu behar du.
Izan ere, Urquijoren ustez, Gasteizko Barne Sailak dituen txostenak nahikoak dira halako erabaki bat hartzeko, eta hori egin ezean, Ertzaintzak «bere ardura» saihestuko lukeelako kritikatu zuen, Auzitegi Nazionalaren esku utziko bailuke era- bakia.
PPko legebiltzarkideak gaineratu zuenez, manifestazioa debekatzea «beharrezkoa» da bilbotarrentzat. Carlos Urquijok dioenez, azkenean martxa egiten baldin bada, Bilboko biztanleriak ezin izango du Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusia «normaltasunez ospatu».