NIK LAN TA HIK JAI: DANIEL ABAURREA
«Umore ona barreiatuz»
Testua: Odei IRIGOIEN
Argazkia: Idoia ZABALETA | ARGAZKI PRESS
Jaietan berebiziko protagonismoa hartzen duen profila dugu gaiteroarena. Irunberriko hirukotea, herri txikikoa izan arren, Euskal Herri osoan aritua da, baita bertatik kanpora ere. Ajeak aje, gozatu ere majo egiten dutela aitortu digu Daniel Abaurreak, 25 urtez gaita jotzen aritu ondoren, horretan jarraitzeko asmo irmoarekin.
Makina bat irakurlek, jakin gabe, dantzatu dituzte seguru asko Daniel Abaurrea Turrillas irunberriarrak jarritako larrain dantzak, jotak, polkak edota porrusaldak. Eta 25 urteko jarduna egin izana ez da makaleko lana. Edari banatzailea, autonomoa, Arangoiti Ikastolako juntako zuzendaria, bi semeren aita, senarra eta gaiteroa dugu Daniel.
Luis Alcet, Iñigo Klariana eta hirurek osatzen dute Irunberriko gaiteroen taldea. «Kuadrillakoak eta lagun minak» direla esanda deskribatu dizkigu bere bi kideak. Elkarrekin hasi ziren ikasten, «hamazazpi urte genituenean, gaitarekin eta solfeoan. Irunberri ezaguna da musikari ezagunak eman dituen herria delako, Javier Lakunza edo Jose Luis Fraile bezalako irakasleak izan genituen. Bertako musika eskolak beti eman izan ditu taldeak, txarangak... Orain ere bertako haurren %80 musika eskolara joaten da. Gu, urte pare batez han aritu ginen maisuokin, eta hortik aurrera gure kabuz izan zen ikaskuntza». Geroztik elkarrekin egin dituzte irteerak eta emanaldiak. «Beti jo izan dugu. Ez da izan lehendabizi ikasi eta behin maila bat lortu genuenean jotzen hasi ginela, ez. Ikasi genuen lehendabiziko abestia `Que se vayan' izan zen, eta horrekin ibiltzen ginen goizaldeko hiruretan kalean gora eta behera, zarata egiten. Baina hori hasieran, e!».
Bere amak esaten zuen «Irunberriko jaiak, Lizarrako gaiteroak iristen zirenean hasten zirela. Irati trenean geltokira heltzean, herri osoa beraien bila jaisten zen. Ez zegoen ez txupinazorik eta ez ezer, horrela hasten ziren festak». Kalkuluak egiten hasita, bere aitak tren hartan egindako azken bidai txartela gordetzen zuen diru zorroan, eta Danielek hirurogei bat urte botatzen dizkio bidaia horri. Zangoza, Irunberri eta Agoitz pasatuz, Iruñeraino iristen zen.
Orduan bezala, erraldoiekin batera kalejira eginez, beraiek arduratzen dira Irunberriko jaiei hasiera emateaz. Dantzatzeko pieza batzuekin bueltatxo bat, ostean «gehien gustatzen zaigun ordua, bermutikoa, eta gero hasten gara gure kabuz jotzen tabernatik tabernara». Arratsaldeko behiekin lehen jotzen bazuten ere (eta Irunberriko sanramonetara hurbiltzen den edonork jakin behar du jaietako ordutegi guztia ekitaldi honen inguruan antolatzen dela), orain tarte hau libre izaten dute. Gero bai, izaten da astia beste «momentiko» baterako, afalosteko dantzak eta eguneko jarduna bukatutzat emateko ezinbestean jendea elkartzen duen larrain dantza.
Irunberri gaur egun ere ez da larregi komunikatuta dagoen herri bat. Iruñera autobus parea baino ez dago egunean. Ondorioz duela hogeita bost urte herritik ateratzeko «ez zegoen sobera arrazoi, eta gaitero moduan, irteerak egiteko parada eskaintzen zigun jarduera honek. Ea joango ote ginen Bermeora jotzera? Noski baietz. Gaitari esker Euskal Herri osoa ezagutzen dugu, Madrilen ere egon ginen, Irurtzuneko Orritz dantza taldearekin Alemanian izan ginen, Agoitzen eta Otsagabian urtero-urtero jotzen dugu festetan... » Eta herriko ekitaldietan, nola ez, San Isidro egunean ikastolako haurrek plazan egiten duten dantza saioan, Aezkoako Egunean edo Ikastolako Egunean ere izaten dira. «Eltziego dantzak, Kortes dantzak, Otsagiko dantzak, gero badatoz fandangoak, ostean arin-arinak, larrain dantza, polkak, habanerak, kalejirak, sorgin dantza... errepertorio zabala behar dugu izan». Dena dela, ez omen dute inoiz beraiek piezarik sortu. «Entzundakoak norberak atera bai, baina guk ez dugu konposatu izan».
Jairik jai ibiltzea ez da beti samurra izaten. «Lehen irteera piloa egiten genituen, urtean zehar ere, baina orain batez ere udaran ibiltzen gara». Gaineratu duenez, gaiteroek daukaten «golfo» fama merezitakoa da: «Zer nahi duzu, norabait jotzera joaten zarenean beti eskaintzen dizute ostean bazkari bat, ondoren berriz ere ateratzen zara kalea alaitzera aurrera eta atzera... Jotzera joan arren, plana ez zen horretara mugatzen. Behin joan eta jotakoan, gero, ba, parrandan». Ondorioz, behin baino gehiagotan dianek kalean harrapatu izan dituzte, goizaldeko seietan gaita hartu eta berriz ere ekiteko.