EH Jaietan | Donostia
Aste Nagusiko pasealekuan begirik ederrenen bila aritu ziren
Aste luzea iraundako Aste Nagusia amaitzera doa. Egun osorako egitarau zabalak bitxikeriak ere uzten dizkigu, eta atzo festetako begirik politenak aukeratzeko lehiaketa izan genuen, jendetza batuz gainera. Adin guztietakoak aurkeztu ziren, jaioberriak barne. Banan-banan igaro ziren ibiltokitik argazki kameren flashez inguratuta, begirada guztiak bereganatzeaz pozik.
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Begirada arimaren ispilua dela dio esaera zahar batek. Auskalo. Arima hotzak edo beroak, kolore adina arima. Berdeak eta urdinak dira preziatuenak, baina nork uxatuko lituzke ilunabarren tonukoak? Kolore sorta adina gustu aurkituko ditugu, non dago, beraz, edertasunaren gakoa?
Donostiako Aste Nagusiko azken egunean sartu gara jada, eta gaurkoan ere jendez beteko da hiria festei azkeneko zukua ateratzeko intentzioarekin. Atzo gaueko euri zaparrada mardulak atzean utzita argitu zuen egunak, eta goiza jasoago zegoela-eta, Aste Nagusiko begiradarik ederrena aurkitzeko asmoz bildu zen jendea hiriko txokoetako batean. Txapelketaren beraren izaera eztabaidagarria dela iritziko dio batek baino gehiagok, baina batzuek lehiaketa berebiziko garrantziaz hartu zutela giroan nabaritzen zen.
Irrati kate pribatu batek antolatuta, Londres hotelaren parean, Kontxako badiara begira, urtez urte burutzen den lehiaketa jokatu zen. 12.00etan zen zita, eta ordu horretarako ilara luzeak zeuden.
Gaztetxoak gehienak, tartean senideen besoetatik parte hartu zuten haurtxoak ere. Lehenik, 13 urte bitartekoek izan ziren epaimahaiaren aurretik pasatzeko aukera izan zutenak. 150 gaztetxotik gora aurkeztu ziren, gainerakoen begiradei gaina hartzeko esperantzan.
Urdurienak, hala ere, gurasoek eta aiton-amonek ziruditen. Ziur asko beraien hautua izan zelako umetxoak lehiaketara aurkeztea. Hilabete gutxiko jaioberriak ere jarri zituzten epaimahaiaren aurrean. Hauetako batzuek, hala ere, ez ziruditen oso prestu zeudenik mahaiaz bestaldekoei aurpegiak erakusteko. Haurrak beti haur.
Ez dakigu zertan oinarrituta, baina azkenean mutiko polit baten begi handiak izan ziren garaile. Txikien atzetik, helduen txanda iritsi zen, eta banan-bana salto egin zuten ibiltokira.
Arrakastatsua izan zen goiza eta kuxkuxero mordoa batu ziren Kontxako badian. Zurrumurru ugari entzuten zen, baten eta bestearen begien artean politagoa zein ote zen eztabaidatzen. Begiratzeko moduan baitago edertasunaren gakoa.
Bi hauek izan ziren lehiaketa irabazi zutenak. Ioritzek 13 urtetik beherakoena irabazi zuen, eta Norak helduena.
Dudarik gabe, Donostiako Aste Nagusia itxuraldatu duen pirata kuadrillak gustura hartuko du gaurko eguneko atsedenaldia. Goizean itxita egongo da gunea, baina arratsaldean zabaltzeko asmoa dute, 17.00etatik aurrera, festari jarraipena emateko. Festak hasi zirenetik, Aste Nagusiko jaiek izaera parte-hartzaile izan dezaten lanean aritu dira Piratak, eta plazera eta auzolana tartekatuz atera dituzte festak aurrera. Gainera, eta Piratek egunotan azaldu duten bezala, parte hartze handia izan dute, La Flamenka gunea leporaino beteta egon baita festetan, eta era askotako jendea bildu da bertan.
Atzo, Kuadrillen Eguna izan zuten kaian, eta La Flamenka gunea egitarau oparoaz elikatu zen. Goizetik hasita, 10.30etik aurrera, tailer irekiak izan zituzten. Festarako jantzita agertu ziren guztiak Alde Zaharrera. Piratez jantzita.
Jarraian, pintxo hotzen lehiaketa egin zuten. Irudimena dantzan jarri eta zapore ezberdinak nahastuz, aurkeztu zituzten mahaira. Koktelak ere prestatu zituzten, pintxoei laguntzeko. Tomate zukuaz egindakoak ikus zitezkeen, biharamuna kendu ezinik dabilenari tomate zukuak mirariak egiten omen dizkio-eta.
Pintxo hotzen lehiaketa bazkaltzeko orduarekin uztartu zen. Bazkaria, gainera, bakoitzari etxetik eramatea tokatzen zitzaion atzo, lagunartean.
Arratsaldean, jolas sorpresak izan ziren. Eta gero, txaranga martxarekin jarraitu zuten. Pixka bat dantzatu eta giroa berotzen joan joan zen; izan ere, gauerako, kontzertu potenteak zeuden iragarrita, Reincidentes eta La pop´lla taldeen eskutik. GARA
11.00>PORTUA Aste Nagusiko IV. marmitako txapelketa. BULEBARREKO KIOSKOA. Puzgarriak.
11.30>Trinitate plaza Aste Nagusiko XVIII. esku pilota txapelketa: finalak.
12.00> KURSAALEKO ZURRIOLA TERRAZA. Revolutionary brothers & friends.
13.00>KURSAALEKO ZURRIOLA TERRAZA. Orquesta arabe de Barcelona.
16.00-19.00>ALDERDI EDER. Aste Nagusiko XIV gaztekutxa street basket txapelketa.
18.00>KURSAALEKO ZURRIOLA TERRAZA. HAURRENTZAKO TAILERRA. Maushaus. «Munduko arkitekturak: Asia». ZURRIOLA HONDARTZA. II. esgrimako masterra.
18.30> ERDIALDETIK. Erraldoiak eta buruhandiak. KONTXAKO PASEALEKUA. The Joselontxos txaranga.
19.30>TRINITATE PLAZA. HARRI-JASOTZAILEAK. Parte hartzaileak: Xabier Ariztegi «Santxin», Unai Bertiz, Jose Angel Calvo «Joxe Calvo», Aimar Galarraga, Aimar Irigoien, Jesus Mari Iruretagoiena «Izeta III.a.», Jose Ramon Iruretagoiena «Izeta II.a.», Unai Lertxundi, Beñat Telleria «Telleria IV.a.», Urtzi Telleria «Telleria II.a», Ivan Ugartemendia eta Josetxo Urrutia «Urrutia».
20.00>KONSTITUZIO plaza. Eskola Dantza taldea. KURSAALEKO AUDITORIUMA. Musika Hamabostaldia.
21.00> ZULOAGA PLAZA.
Erraldoien eta buruhandien konpartsaren agurra.
22.45>KONTXAKO BADIA.Su Festen 48. Nazioarteko Lehiaketa. Amaierako ikuskizun piromusikala Ricasaren eskutik (Valentzia).
23.30>LONDRES HOTELa.Zezensuzkoaren irteera. EASO PLAZA. Venus orkestra. BULEBARRA. Mac Jeara´s jazz big band. KONSTITUZIO PLAZA. Kantuki erromeria taldea. KONSTITUZIO PLAZA. Arrabots, erromeria.
23.45>KURSAALEKO URUMEA TERRAZA.KURSAAL GUNE ZABALA. Bataplan gaua. SAGUES.Celtas Cortos.
ATSEDEN EGUNA
17.00 LA FLAMENKA GUNEA ZABALDUKO DUTE.