BERMUTEAN... IZASKUN ASTONDOA
«Kontrakoa badirudi ere, gazte piloak ikusten ditu su artifizialak»
Urteetan zehar, Astondoa Piroteknia Euskal Herriko jai gehienetan ibili da, su artifizialen ikuskizuna alde batetik bestera eramaten, gazteak zein zaharrak txunditzen eta alaitzen, herri txikienetatik hiri erraldoienetara arte.
Astondoa piroteknia etxearen arduraduna da Izaskun, 1992. urtetik. Aitaren eskutik jaso zuen aginte makila, negozioa arrakastaz gidatzeko hark bere burua nagusiegi ikusi zuenean.
Aste osoa Donostian eman ostean, Bilbora inguratuko zaigu areatzarra, testigu aldaketa ederrean. Gipuzkoako hiriburuan «esperientzia ederra» bizi izan du; su artifizialak «tradizio handia» daukatela, eta hortaz, ikustera gerturatzen den publikoa nolabait «aditua» dela dio.
Bizkaiko hiriburuan, berriz, «etxean bezala» aritzen dira Arratiako pirotekniako kideak. Urtero gonbidatzen dituzte, eta beren erantzuna «beti da baiezkoa». Horretarako funtsezko faktorea «publikoaren jarrera» da. Aipatu bezala, Donostiako publikoak nolabait adituaren oniritzia adierazten badu, Bilbokoak «seku- lako debozioa» erakusten du.
Urte mordoa darama Izaskun Astondoak Bilboko Areatza ingurutik Aste Nagusiko suak egunero ikusten, eta grina eta mirespena «nonahi» aurkitzen ditu. «Familiak, bikote gazteak, jende nagusiagoa...»; ez da adin kontua beraz, «askotan pentsatu ohi da su artifizialak ez direla gazteen gustuko», eta ez da horrela, «irudi bitxia da oso, gazteak `litroak' egitera joaten dira, baina suak ikusteko astia ere ateratzen dute».
Eta berak parrandarako tarterik hartzen ote duen galdetuta, «Donostian zein Bilbon ez dut gauean ateratzeko denbora gehiegirik izan», adierazi du Astondoak. Halere, onartzen du «jai giroa dagoen gunetik bueltatxo bat ematea» beti duela gustuko, bere ardura profesionalak -su artifizialen lehiaketetako epaimahaiko kide da, Donostian eta Bilbon) «asti handirik» uzten ez badio ere.
Zirt edo zart, jaietan, Bilbo ala Donostia? Parrandaren ikuspuntutik, iritzi sendorik ezin duela eman esan arren, Bilboko jaietako txosna giroa «izugarria» dela onartzen du. Halere, Donostiako jaiak ez ditu gutxiesten, «ezberdinak dira oso, bakoitzak eskaintza berezitua egiten du, ia-ia kontrajarria». Helburua? «Bakoitzak nahi duen erara gozatzea jaiez».
Musika talderen bat «benetan gogokoa» duenean, Zorrotzaurrera joatea gustatzen zaio, Botikazarreko kontzertuez gozatzera. «Taldea ez badut benetan gustukoa, ez naiz joaten», dio. Hautatu egin behar, izan ere, «daukadan denbora libre apurra disfrutatzea gustatzen zait, eta horregatik, selektiboa izan behar».
Aurtengo udaran Gasteiz, Donostia eta Bilboko jaietatik pasatuta, oporretarako denbora gutxi izan du: «Barneratuta daukat jada», onartzen du berak. Parrandan ezin, oporretan ere ez; nola eramaten du batek hori? «Su artifizialak maitatzen dituenarentzat, hiri ezberdinetan ikuskizunak antolatzea ez da benetako lan nekeza, plazera baizik».
Halere, lan eskerga egiten dute. «Su artifizialak jaurtitzen ditugun egunetan neka-neka eginda bukatzen dugu». Ez da gutxiagorako, «goizeko zazpietan hasten gara dena prestatzen, suziriak kokatzen, segurtasun neurriak, eta abar...», egun osoa ematen dute, eta gero, «goizaldeko ordu txikietara arte» dena desmuntatzen. Parrandarako indar asko ez, «baina betiere gustatzen zaigu azken bueltatxo bat ematea, zer edo zer gozatu».
Datorren larunbatean, Astondoa Pirotekniak, berak gidatzen duenak, Donostiatik Bilborako bidea egingo du, agian La Flamenkako piraten ontzian, Bizkaiko hiriburura hurbiltzen direnak suzko eta soinuzko ikuskizunean barneratu nahian. Parranda alternatiboa, agian.