GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel Ugarte

Diru publikoaren erabilera

Joseph Aloisius Ratzinger, Eliza katolikoaren Aita Santu kargua betetzen duen Benedikto XVI.a, Madrilera joan dela-eta bada zer ikusi, esan eta irakurri, alajaina. Nik ere badut ba nire iritzia emateko gogoa, egungo egoera soziopolitiko konplexuaren zati ñimiño bat dela kontuan hartuta. Ez dut nahi, ordea, sinestun eta sinestun ez direnen arteko bereizkeriarik egin nahi. Sinestun direnek ez dute gauza asko sinesten eta ez-sinestun direnek ideia asko sinesten baitute, sinestuna ez-sinestun bihurtuz, ez-sinestuna sinestun, eta sarritan nahastu.

Gustatzen ez zaidana diru publikoaren erabilera da. Eliza katolikoa erakunde pribatu bat izanik, erabaki hartzea pribatua (eta itxia), etekinak pribatuak, kudeaketa pribatuak, jabetza pribatuak... izanik, ez dut ulertzen diru publikoaren erabilera. Are gutxiago gaur egun bizi dugun egoeran. Eliza katolikoak halako makroekitaldi bat antolatu nahi badu, antola dezala, Estatuak/Gobernuak eman ditzakeen baliabideak eskuragarri jar ditzala (baldintzak betez), eta Eliza katolikoak ordain dezala ekitaldi horren gastuen faktura osoa erakunde pribatua den aldetik, BEZa barne, ze kristo. 48 ordu ere iraungo ez duten aitorleku, aldare eta horrelakorik ez. Diru publikoaren xahutzerik ez, eskerrik asko!

Hausnarketa honek beste gogoeta bat bultzatu du nire kontzientziara. Zergatik ezin dira Eliza katolikoari bere gastuak ordain ditzala eskatzeko arrazoiak alderdi politikoei ere aplikatu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo