GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Topo egin, topa egin

Topaketak udaldian ohikoak izaten dira. Bai, topalekuak han-hemenka. Baina kontuz! Kieto parao! ez da gauza bera topo-egitea eta topa-egitea! Ezta hurrik eman ere! Kasurako, jaien harira udaletxe batean zinegotziek topo egitea normal hartzen da, gure beheko Estatuan bertan ere; beti hartu dezakete aitzakia hemengo udaletxeetako pasilloak estuegiak direla. Baina topotik topara? Akabua! Eta gainera, argazkia, unea betikotzeko. Hortxe ikusi da ondo noren koparekin egiten zuten topo besteen kopek, alaitsu. Bildurekin egin dugu topa! hasi dira beheko latitudeetan esaka, eskumako eskuaz aitarena behin eta berriz egiten, tenista-ukondoarena izan arte. Hain dira batzuk adimenez urriak! Eta, gainera, jakin izan balute kopa barrukoa made in EHko produktua zela! Akabua! Ez topa gehiagorik, ez topo ere.

Ama, ama! Uda! Bidaiatzeko sasoi ofiziala, ofizioa indarrean dutenentzat, behintzat. Hara! Etxe Zuriko momentuzko maizterrak autobusa hartu eta kostatik kostara ibili omen da, lautadetan barrena, herrixkarik herrixka, zorraren gaineko bere parabolen kontalari. Ustez, krisia krisi, lurra zapaltzea deliberatu du eta errepidea hobetsi, hegazkina lurrean utzita. Auskalo ez ote duen Libian ere lurrez sartzea hobetsiko! Paraboletan ibili den beste maizter bat Vatikanokoa bera izan da, harri bat jaso eta haren gainean kristoren eliza eraiki zuenaren gaurko ordezkaria lurrean. Gure beheko latitudeetan ibili omen da, kanpaina egiten hango hiriburuko topalekuan, kristoren jarraigoa eta guzti; gazte parakatolikoz inguratuta. Eta zirkulazio arazoak sortzen, haxe kristoa! Likidezia ez duen lurralde batean. Diotenez, ehunka milioi gazte, asko erretiro garaian, bildu dira hara; suminduak hauek ere, haserretuak, burtsetako bono-trafikatzaileek ez diotelako behar besteko komisiorik uzten euren paradisu fiskalen arima zaintzen duen korporazioari. Dirudienez, Afrikako adar-gune hartatik inor gutxi joan zen topaketara, gehienak hilda daude eta. Goian beude! Kristauak zirela jakitera iritsi gabe zeru aldera goseak bidaliak! RIP.

Hauxe ere kolpea! Gure inguruetako tabernetan lapurretan dabiltza azken asteotan! Ez da berria, garai batean zenbat herriko tabernatan ez ote ziren sartuko, egunaren argiz sartu ere, osten. Kamerek dena grabatu zuten orduan, baina lapurrek ekarriak zirenez...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo