BERRIA | Iñaki Petxarroman 2011/8/18
Euroagindua, ahulago
Lasaiago lo egingo zuen bart Daniel Dergi euskal preso ohiak. Eta lasaiago lo egin dezakete atzotik herri honetara bakea eta normalizazioa ekarri nahi duten guztiek. Agengo auzitegiak atzera bota du Espainiako Auzitegi Nazionalak Dergiren aurka ezarritako euroagindua, leporatzen zaizkion delituak Frantzian gertatu zirela argudiatuta. Izan ere, delitu horien ondorioz kartzelaldi luzea bete behar izan zuen Dergik. Ez hori bakarrik, Euskal Herritik kanpo bizitzera behartuta dago, oraindik ere.
Lasaiago egon daitezke bake jokaleku batekin amets egitera ausartzen diren norbanako eta gizarte eragileak. Izan ere, Dergik ohartarazi zuen erabakia kontrakoa izan bazen amaierara arteko gose grebari ekingo ziola. Gauzak hala, sufrimendu eta tentsio handiagoari aurre egin beharko zion euskal gizarteak, justu kontrakoa behar duenean: lasaitasuna, konfiantza eta normalizaziorako urratsak.
Euskal gizartea ¯Ipar Euskal Herriko gizartea, bereziki¯ pultsua jo eta irabazten ari zaio euroaginduari. Eta, horrekin batera, gizarte osoa pultsua irabazten ari zaio sufrimenduaren aroa luzatzearekin tematuta daudenek baliatu nahi duten tresna horri.
Aurore Martinen gainean oraindik ere atxilotzeko eta Espainiaratzeko agindua dago, edozein unetan eror daitekeen ezpata zorrotza. Baina Frantziako Poliziak, atxilotzen saiatu eta, jendeak oztopatuta, porrot egin zuenetik, ez du berriro ahaleginik egin. Erne egotea komeni da, badaezpada ere, baina euroagindua ahulagoa da gaur atzo baino. Eta, bide batez, gatazka luzatu eta gizendu nahi dutenak ere ahulago daude.