Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia
Bueltan gara, Vueltan
Kaixo guztioi! Donostiako Klasikoan, izugarri gozatu eta gero, beharrezkoa nuen oporralditxoa hartu, eta berriz ere lanean jarri gara azken asteotan, Vuelta hau ongi prestatzeko asmotan. Izugarrizko beroa egiten duen Benidormen hasi da aurtengo Vuelta. Neguan bertan egin ditugun entrenamenduetatik ezagutzen nuen Benidorm, baina orduan txirrindulariak eta jubilatuak bakarrik egon ohi gara.
Izugarri zaila eta arriskutsua zen erlojupeko hau, txirrindulariontzat oso traketsa zen arren, zaleentzat uste dut oso polita izango zela. Hondartzan eta oporretan zeuden zale asko gerturatu zaizkigu, asko euskaldunak, eta sarritan geu ere ia oporretan gauden sentsazioaz sentitzen gara.
Erlojupekoari buruz, esan behar, berriz ere Tourreko zorte txarrak gurekin jarraitzen duela. Irteeran, Jannyri katea irten zaio, eta denbora dexente berari itxoiten egon eta gero etapako garaipenak bertan ihes egin digula uste dut. Ez dakit, laikoen alde egoteagatik, Aita Santuak bidalitako zigorra edo zer demonio izan den, baina izugarrizko pena eman dit, horrelako zorte txarragatik gure aukerak galtzea. Hala ere, aurrera begiratu eta alde onarekin geldituko gara. Badirudi, hankak eta gorputza uste baino hobeto daudela, eta berriz ere lasterketara bueltatu, eta Vuelta honetan gozatzea da orain helburua. Nik uste, taldeak gauza politak egin ditzakeela, eta Txurruk eta bere taldeak duen jende «glamourosorik» gure ondoan ez daukagun arren, zeresana emateko moduan gaudela uste dut.
Ba halaxe, Txurrurekin utziko zaituztet, eta berak kontatuko digu bere lagun Belenek zer dioen!! Ongi etorri, bi erreportari «ditxaratxeroak» bueltan dira, Vueltan!