Pico Alto 2011/2012: Olatu handien itzuliko 2. proba
Perun izan zen olatu handietako bigarren proba, Pico Alton. Zazpi metroko olatuetan, Peter Mel estatubatuarra izan zen irabazlea.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Abuztuaren 11n egin zuten olatu handien itzuliko bigarren proba, Billabong Pico Alto 2011/2012. Irabazlea, Peter Mel estatubatuarra izan zen, zazpi metroko olatuetan. Iaz, itzulia osatzen duten bost txapelketatik, hiru txapelketa baino ez zituzten egin, Txile, Peru eta Oregonekoa (AEBak), beste bietan, Maverick's eta Todos Los Santosen, ez baitzen gutxieneko itsaskirik izan.
Aurten, lehen bi probak arazo gabe egin dira. Lehena maiatzaren 28an egin zuten Txilen, Punta De Loboseko ezker olatuan eta Marcos Monteiro brasildarra izan zen irabazlea.
Olatu handien tourra Gary Linden surflari eta shaper ezagunak sortu zuen 2009. urtean, eta lehen itzuli hartako irabazlea Carlos Burle brasildarra izan zen.
Harrezkero urtero egiten den itzuli hau (Big Wave World Tour) bost txapelketek osatzen dute; Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru), Nelscott Reef (Oregon-AEBak), Mavericks (Kalifornia-AEBak) eta Todos los Santos (Kalifornia Beherea-Mexiko).
Olatu handietako itzulia berezia da. Txapelketak egiteko gutxieneko baldintza batzuk behar dira eta zaila izaten da horiek betetzea. Olatuak gutxienez sei edo zazpi metrokoak izan behar dira, eta munduan leku gutxi daude halako itsaskiak maiz izaten dituztenak; beraz, hautatutako lekuak bereziak dira.
Beste berezitasun bat zera da, data zehatzik ez izatea. Txapelketa bakoitza bertan olatuak izateko aukerak ugarienak diren sasoirik onenean egiten da; baina, hala eta guztiz ere, gutxienez zazpi metroko olatuak izateko baldintza betetzea oso zaila da, baita munduko itsaski handienak izaten dituzten lekuetan ere, eta horregatik txapelketa egiteko eguna itsaskiek beraiek jartzen dute.
Txapelketa egin ahal izateko itsaski handi bat behar denez, bi hilabeteko epea izaten da lehiaketa bakoitzean. Itsaski handi bat sartzeko aukera erreala ikusten bada, parte-hartzaile guztiei deitzen diete zortzi egun lehenago, eta horiek, astebeteko tartean, nola edo hala bidaia antolatu eta itsaskia sartzen den egunerako lehiatzeko moduan egon behar dute txapelketa gunean.
24 surflari lehiatzen dira txapelketa bakoitzean. Txandak 45 minutukoak izaten dira, eta lehenik, sei kideko lau txanda egiten dituzte. Txanda bakoitzetik hiru lehiakidek lortzen dute hurrengo txandarako pasea; beraz, lehen txanda gainditzen duen lehiakidea zuzenean finalerdietara joaten da, eta azkenik, finalean sei dira norgehiagokan aritzen diren lehiakideak.
Urtero egiten da tourra, baina txapelketa egin ahal izateko berezitasunak kontuan hartuta, ez da egiten urte natural batean, egutegiko bi urte hartuz baizik. Urte bateko apirilean hasten da eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen da. Horregatik jartzen dituzte bi urte izenburuetan.
Txapelketa hau uztailaren 1a eta abuztuaren 31 bitartean egin behar zen, eta azkenean, abuztuaren 11n sartu zen itxaroten zeuden itsaskia.
Denera 24 parte hartzaile ziren. Horietatik, hamabi ziren lehiakide ofizialak, gehienak hawaiiarrak. Sei lehiakide bertakoak, eta beste sei gonbidatuak.
Egunak aurrera egin ahala olatuen altuerak gora egin zuen eta amaiera aldera 7 eta 8 metroko serieak ikusi ahal izan ziren. Kodiak Semsch perutarrak lekuaren ezagutza bikaina erakutsi zuen eta oso ongi ari zen lehiatzen, baina erorketa baten ostean taula galdu zuen eta ondorioz ez zuen txandan beste olaturik hartzeko astirik izan.
Finalean Peter Mel estatubatuarrak eta Ben Wilkinson australiarrak izan zuten borroka handiena. Olatu handietan surf egiteko teknika oso ongi menderatzen dutela erakutsi zuten biek. Azkenean Peter Mel izan zen garailea: «Richard Smith 80ko hamarkadan izan zen hemen surf egiten eta askotan hitz egiten zidan olatu honetaz. Aholkulari izan dut nire ibilbide osoan; beraz, bere istorioak entzun nituenetik Pico Alton surf egiteko gogo handia nuen. Hein batean, berari zor diot gaur lortu dudan garaipena. Zorte handiko gizona naizela sentitzen dut."
Olatu handien munduko tourra Gary Linden surflari eta «shaper» ezagunak sortu zuen 2009. urtean. Bi urteren buruan, ospe eta sona handia lortu du itzuliak, txapelketa ikusgarriak izaten baitira.
«Richard Smith, nire aholkulari eta laguna, 80ko hamarkadan izan zen hemen. Bere istorioak entzun nituenetik Pico Alton surf egiteko gogo handia nuen. Berari zor diot gaur lortu dudan garaipen hau»