Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Udako enbata
Parisek atzera egin du, harresia ez baitzuen jo nahi. Uda osoan enbatak askotan jo izan du Ipar Euskal Herrian, abertzaleek ez dutelako pausarik hartzen militante bati erasotzen dietelarik. Daniel ez dute Espainiaratuko, berak erakutsitako determinazioarengatik ere. Mahai gainean bere esku zegoen guztia jarri du, animoak altxatu dizkigu. Belaunaldi baten isla da. Duela hogeita hamar urte hasi militantziak xutik jarraitzen duela izan da mezua, belaunaldi honek jarraitzen duela bizirik, gaur egun ematen ari diren urrats beretan kokatuz, ibilbide luzeak ez gaituela makurtu, duintasun osoz segitzen dugula lanean. Indar izugarria ikusi dugu izan dituen hitzen bitartean. Hau da belaunaldi berriak gaur egun duen oinarria. Oinarri sendoa, urrunago joateko, aitzinekoek egindako lanaren segida hartzeko. Belaunaldi berria beste kultura baten gainean eraiki baita. Kolonizatuaren izpiritua, mentalitatea, gainditzen ari gara eta horretaz herritarren aitzinean hitz egiteko ez gara lotsatzen. Gazteek ekartzen dituzten proiektu berriak anbizioarekin eramaten dira, burujabetza eskuratzeko helburuarekin.
Azken hilabeteetan zabaldu diren mezuek oihartzuna lortu dute, Parisek pentsatu du horri erantzun behar zitzaiola eta euroagindua aukera ona izan zitekeen. Mugimendu abertzaleak, baturik, porrotera eraman du aukera, hunkituak ziren militanteen duintasun eta ausardiari esker. Zalantzarik ez da, frantses Estatuak ez du gehiago euskal gatazka begiratu behar kanpoko arazo gisa soilik.
Noski, bide guztiak mugitzen dituzte abertzaletasunaren erreakzioen oztopatzeko, mareatzen gaituzte, arazoak sortzen dituzte ea ahultzen garen, ea gaindituak gelditzen garen. Herri Elkargoen inguruko gaia hor dugu, aski konplexua, gaiaren sailkapen guztiak nahasiz ea egoera bortxatzen duten eta abertzaleak nahasten. Zorionez abertzaleak daude, gaur egun, egitura, sektore guztietan. Azken asteetan, Jean Mixel Galanten inguruan ibili den zurrunbiloa horren lekuko dugu, sozialistentzat oso hautagai egokia daiteke, abertzale moderatua, esperientziarekin politikan eta kudeaketan ere. Errekuperatzeko on daitekeen hautagaia. Haatik, garaiak aldatu dira eta abertzaleak ez dira hain erraz errekuperatzen eta Behe Nafarroaren inguruko Herrien Elkargoari buruz jarrera kritikoa agertzen du eta demokrazia martxan ematen du tokiko hautetsien ikuspuntua ezagutzeko debatea zabaltzeko asmoz. Hau ez da betiko hautetsien gustukoa, berrantolatzen ari diren UMP eta alderdi sozialistarentzat ez da manera egokia. Alta, hau da abertzaleok bultzatu behar dugun politika, herritarrek abertzaletasunaren mezua eskura dezaten. Entzungarriagoak bihurtzen ari gara.
Isilarazi nahiko gaituzte, baina uda honetan lehenetsi den nahikeria hor da, libre bizitzeko determinazioa azkarragoa izanen da, horren kontra ez dute aski tresnarik. Herri txikia gara, zazpiehun preso baino gehiago, frantses biztanleriarekin parekatzen bagenu, kopurua ikaragarria litzateke. Presoak, justiziak eraso egiten dien pertsonen jarrerak herri honen determinazioaren isla dira. Ez da deus beltz edo txuri, ahulezia asko ditugu, baina libre izateko nahia sekula baino azkarragoa ikusten dugu. Hau izanen da ondoko urteetako egia.