Zazpi minutu
Gabon pasa! -Hala bedi! Ea astelehenean istorio onak ekartzen dituzuen! -Aste Nagusian edozer gauza, neska!
Horrelaxe geratu naiz Gurutzetako Ospitaleko pasabide amaigabe honetan, erratza esku batean eta joandako guztia bestean, gau honek dirua besterik ez didala ekarriko ziur. Une honetan baina, bizitzaren aldakortasunaz jabetuta, ogia lehenesten dut, «beti aurrera, ume, ahal bezala», amama zenaren filosofia gidari. «Zenbat eta lehenago ikasi hobe dun, ume, gizonak koldarrak ditun, beraz, etzan espero printzesen istoriorik eta jos itzan hariak hik heuk, heure eran».
Hori ere esaten zidan amama Soterak, gazte nintzela, baina nik beti pentsatzen nuen berak bizitzan jasandakoagatik zuela uste hori, uste ustela, alegia, gizonak ere denetarik zeudela, ederrak eta itsusiak bezala baita ausartak eta koldarrak ere, eta jakina, nik jakingo nuela batzuk eta besteak bereizten, jakingo nuela aukerarik onena egiten. Traumatologia solairu luze honetan, ordea, garbiketa gauzak dauden gelatxoko apal honetan eserita, zigarroa piztear eta erratzari tinko eutsiz, «zenbat hobe jaramon apur bat egin izan banio» besterik ez dut buruan...
Horrekin batera, lixiba potoari begira eta kea ahoan -zenbat urte halako bizio ergelari eusten-, duela bi urteko udako irudiak dabilzkit burmuinean dantzan. Almeria. Hori zen bizimodua hori; zeru urdin-urdina eta eguzkia bere osotasunean egunero, txoko basati erdi bakarti eta ederrak gure oinetan, larru gorritan inolako estutasunik barik, aske erabat, izarrez jositako gau epelak. Maitasun haren betierekotasunaz ziur eta harro igarotako oporrak, zer afalduko kezka bakarra buruan, jatetxean ala guk geuk prestaturiko ogitartekoak, hori eztabaida bakarra, hori egunerokoaren dilema nagusia. Lasaitasuna eta zoriontasuna hori zen, hondartzaz hondartza ibili eta edozertaz barre egin, palatan jokatu, furgonetan lo egiteko itsasertza bilatu...
Egun haiek ekarri dizkit gogora laugarren solairura igo aurretik Larrialdietan ikusitako bikoteak, istripuak istripu ez zaielako maitasun gaua izorratu. Gizona hankari eusten, minez, baina begiak distiratsu; emakumearen besoak haren sorbalda inguratzen, belarrian gauza txikiak xuxurlatu bitartean; eta biak barrez, biak maitasun berriaren olatuaren gorenean. Konturatu barik begira geratu natzaie, erratza esku batean eta nostalgia bestean, ziurrenik, biak ere niri begiratu eta irribarre samurra eskaini baitidate, «animo, aterako zara-eta hemendik» esango balidate lez.
Zigarroa amatatzeko txoko ezkuturen bat bilatu bitartean, milaka Aste Nagusi alai eta aske gogoratzen ari naiz, abuztuak oporrak baino ez zirenean, bero eta kalimotxo, lagunak eta musika, muxuak eta laztanak, eta gero gerokoak. Umeak, aitatasun pentsioak, gaueko txandak, garbiketako emakumeak eta ospitaletako sufrimendu elkartua besteak zirenean, besteen mundua.
Ergelkeria burutzeko zazpi minutuak agortuta, amama Sotera berriz buruan ireki dut nire gelatxo bakartiko atea, «beti aurrera, ume, beti aurrera» behintzat bizi-legea dela inoiz baino hobeto ulertuta.