GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Bere asmoak erdizka bete ditu Mindegiak

p032_f02_088x112.jpg

J.L.

Patxi Mindegiak atzo egin behar zituen bi marketatik bat lortu zuen, eta beste bat gainditu gabe utzi zuen. Beroa izan zen protagonista atzo Erron izan zen jaialdian, eta jendeak, berriz, erruz erantzun zuen.

Zubietako aizkolariak bi erronka zituen aurrean. Alde batetik, 45 ontzako enbor batekin Europako marka apurtzea, eta kana-erdiko batekin, Guiness errekorra ontzea. Horretarako, han ziren bai Guinesseko epaileak, baita Sthil Timber Sportekoak ere, hauek kontrolatzen baitituzte Europako lehiaketak, eta haiek ziren atzo Erroko beste marka kontrolatu behar zuten epaileak.

Kana-erdikoarekin helburua bete zuen Miel Mindegiaren semeak. Aurreko marka minutu bat eta 28 segundoan zegoen, eta atzo minutu bat eta 26 segundoan egin zuen bere egin beharrekoa, aurretik zegoena bi segundoan onduz.

Hala ere, marka honekin ez zen Patxi batere gustura geratu: «Egia esan ez da batere marka ona. Minutu bat eta 26 segundoan, horretara joanda, aurrean dabiltzan edozein aizkolarik egin ahal izango luke. Enborra ez zait batere ona atera, beroa ere handia egiten zuen, eta marka ondu arren, ez naiz gustura geratu», esan zuen.

Beste ahalegina, Europakoa zen. 45 ontzako enborra 19 segundo eta 50 ehuneneko baino azkarrago moztu behar zuen, baina ez zuen helburua bete. 21 segundoan amaitu zuen, eta marka hau ondu gabe geratu zen.

«Bi marka egun batean egitea astindu handi samarra da, eta hau ezin izan dut. Dena dela, esan behar da, dagoen marka oso ona dela, eta ez dela hori apurtzea oso erraza. Errekor hori lortzeko, egurra 20 kolperen azpitik ebaki behar da, ezin da huts txiki bat ere egin, bestela ez dago lortzerik», esan zuen.

Urrian

Patxi Mindegia ez zegoen gustura egindakoarekin, baina beste aldetik itxaropentsu agertu zen. «Egindakoarekin ezin naiz gustura egon. Aurrez esan bezala, kana-erdikoarekin marka ondu arren, ez da denbora ona. 45 ontzakoarekin ez dut lortu, nahiz eta aurrekoa oso denbora ona den. Beraz, asmoak erdizka bete dira, baina nahi bezala ez», adierazi zuen.

Hala ere, ez du etsiko: «Egindakoarekin gustura egon ez arren, itxaropentsu egoteko arrazoiak ditudala uste dut. Ikusi dut giro freskoarekin, eta enbor hobeekin, denbora hauek ondu daitezkeela. Kana-erdikoarena nahiko erosoa ikusten dut, eta 45 ontzakoarena erraza ez izan arren, lortuko dudala ikusten dut», onartu zuen Patxi Mindegiak.

Gauzak ongi joanda, Patxik garbi dauka beste ahalegin bat egingo duela. «Asmoa urria inguruan egitea da. Enborrak topatzeko garai hobea da, baita lanean aritzeko ere. Orduan egiteko asmoa daukat», iragarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo