Harri-jasotzea | Igeldo Harria Txapelketa
Izeta II.ak nagusi izaten jarraitzen du Donostian
Aiako kirolariak Aimar Irigoienekin jasoalditan berdinduta amaitu zuen, baina errezildarra baino arinagoa denez, txapela jantzi ahal izan zuen.
Jon LEUNDA
Izeta II.ak irabazi zuen herenegun Donostian jokatu zen Igeldo Harria Txapelketa. Lehiaketetan emozioa eskatzen da, eta horixe izan zen jendez gainezka zegoen Trinitateko plazan. Aiarra eta Aimar Irigoien berdinduta geratu ziren, baina arautegian dioenari jarraituz, berdinketen kasuan, pisurik gutxien duen kirolariak irabazten du, eta Izeta Aimar baino arinagoa denez, txapelari eutsi ahal izan zion Aiakoak.
Hamaika kirolari lehiatu ziren, eta bakoitzak bost minutu izan zituen 134 kiloko harri traketsarekin lanean aritzeko. Ariztegi ere aritzekoa zen, baina arazo batzuk medio, ezin izan zuen parte hartu. Izeta zen azken urte hauetako txapelduna, eta irabazteko faboritoa ere bai. Herenegun, ordea, Aimar Irigoien ere bazegoen. Errezildarra behin atera zen lehiaketa honetan, eta orduan ez zen ongi moldatu harri trakets honekin, baina oraingoan bai, eta gauzak estu eta larri jarri zizkion txapeldunari, eta garaipenetik oso gertu ere izan zen errezildar gaztea, nahiz eta ez zuen lortu.
Bietan aurrena lan egiten Aiakoa izan zen, eta 16 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Errezildarra joan zen atzetik, eta 17 aldiz jaso zuen harria, baina bat usteltzat jo zuten epaileek eta 16rekin geratu zen. Berdinketen kasuan kirolariak pisatu egiten dira, eta bietan pisurik gutxien duenak irabazten du, eta horrek txapela eman zion Aiako harri-jasotzaileari, eta Aimar bigarren geratu zen.
Ez zen izan, ordea, arratsaldeko berdinketa bakarra. Izeta III.ak eta Bertizek ere berdinduta amaitu baitzuten. Hauek zortzina jasoaldi lortu zituzten. Lehen posturako bezalaxe, seigarrenerako ere kirolarien pisua hartu behar izan zen kontuan, eta hor Izeta arinagoa denez, seigarren postua berarentzat izan zen, eta zazpigarrenarekin konformatu behar izan zuen Unai Bertiz nafarrak.
Aipatzekoa, era berean, Telleria II.ak egindako lana. Urnietarra sekulako denboraldia egiten ari da, eta hirugarren amaitu zuen herenegun 13 jasoaldirekin, podiuma osatuz. Bere 15 urteko anaia ere lehian izan zen, eta honek ere lan oso txukuna egin zuen. Jasoaldi bat eman zion, eta aurrean zuen harria ikusita eta duen adina kontuan hartuta, ez da lan makala. Azkena geratu zen, baina laster izango da aurreragoko postuetan.
Berdinketa egonez gero, amaieran bi kirolariak pisatu, eta bietan arinena denak irabazten du. Seigarren posturako ere gauza bera gertatu zen Izeta III.aren eta Bertizen artean, eta aiarra gailendu zen.
Telleria II.a egiten ari den denboraldia gogoangarria da. Urnietarra sekulako maila ematen ari da, marka handiak eginez, eta Igeldo Harriarekin ere bikain aritu zen, hirugarren amaituz.