GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: AMAIA SIERRA

«Gure lanean pazienteekin ez hunkitzen ere jakin behar da»

p048_f01_97x127.jpg

Mikel PASTOR | UGAO

Talde lan guztiek nahitaez, koordinazio maila behar dute, baina geure osasuna jokoan dagoenean, «berebiziko» faktore bilakatzen da.

Ondo baino hobeto daki hori Amaia Sierra erizainak. Ugaoko gaztea maiatzean hasi zen lanean, eta udan Galdakaoko ospitalean dabil, ordezkapen lanak egiten. «Bigarren ikasketa egiten, bizitza errealekoa», dio.

Erizaintza ez zuela «lehendabiziko aukera» izan onartu digu, bere ogibidean dabiltzan beste askoren moduan, gure protagonistak ere mediku izan nahi zuen. Halere, ez da «ezertaz damutzen», lanbide honek «gauza izugarriak bizitzeko» aukerak eman dizkiolako: «Azkenean, zoragarri etorri zait Medikuntzatik kanpo geratzea», dio irribarrez.

Gaur egun, Osakidetzak erizain gutxi ditu plantillan, eta beraz, unibertsitatetik irteten diren gaztetxo gehienak berehala kontratatzen dituzte: «Astebete pasa baino lehen, Galdakaoko ospitaletik deitu ninduten, txanda edo erreleboetan sartzeko». Berarekin batera, belaunaldi bereko zenbait lagun sartu ziren. Beldurrik? «Hasieran zertxobait, baina konfiantza irabazi ahala, alde egiten du».

Adinarekin zerikusia duten arazoez ere mintzo da Sierra: pertsona ugarik ez dute «begi onez ikusten» horren gazteak diren erizainak, esaterako, beren odol lagina ateratzea. Baina halako aurreiritziak «lehenbiziko kontaktuan» baino ez dutela eragina izaten gaineratu du, gero «egoera normaltzen delako».

Sentimenduak baztertuz

Erizain lanak egoera zailak bizitzeko aukera ugari eskaintzen ditu, askotan «oso gogorrak».

Nola aurre egin sufrimenduari eta larritasunei? «Funtsezkoa da ez pertsonalizatzea, sentimenduak albo batera uztea, eta profesional gisa jardutea». Esperientzia horiek, gainera «profesinal gisa gogortzen zaituzte». Amaia Sierraren ustez, halakoak ere «ikaskuntza prozesuaren zati bat dira. Latza izaten da, baina zati garrantzitsuak dira».

Osasun egoera larrian dauden pazienteak, gainera, «ardura karga handia izaten dira erizainentzat, bai gazteentzat, bai esperientzia handia dutenentzat ere». Hortaz, akatsik ez egiteko bi faktore nabarmentzen ditu Sierrak: «Alde batetik, zure buruarengan konfiantza izatea, ideiak argi izatea», eta bestetik, ezinbestekoa dena, «kontzentrazioa momentu oro mantentzea», akats bat «hil ala bizikoa» izan daitekeelako.

Iritsi berria izanda, «inork nahi ez dituen txandak» deiturikoak egiten ditu Amaia Sierrak. Asteburuetako gauak, gehienbat. Parrandarako tarterik? «Aurten ez dut izan parrandan ibiltzeko aukera handirik» dio barrezka, «Bilboko Aste Nagusian hartuko dut errebantxa».

Aurreko udararen batean ere lanean ibilia da, umeekin, begirale lanean. «Ez dauka inolako zerikusirik», dio. Bistakoa da bi lanbide ezberdin direla, baina beste alde bat nabarmendu digu berak: «Begirale lanean askatasuna neukan, parranda egiteko aukera ugari, lagunak egiteko»; eta honakoan, aldiz, «ez dago bromarako tokirik, ardura beste gauza guztien gainetik dago».

Udaran lan egiten dugunon patua da: besteok gozatzen duten bitartean, geure hoberena ematea gizartean oreka arraro hori manten dadin. Erizainen kasuan, are arduratsuagoa da lana, azken batean, geure osasuna dagoelako euren eskuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo