Gora Marijaia!
Izaskun GUARROTXENA
Aste Nagusia hasi da eta Marijaia gure kaleetan zehar ibiliko da bederatzi egunez. Bilbotarra naiz eta Aste Nagusia intentsitate handiarekin bizi izaten dut urtero. Jaiak auzolanean bizi eta antolatzeko beharra eta gogoa sentitzen dut, feminista, ezkertiarra, euskalduna eta, bereziki, konpartsera naizelako.
Feminista naiz eta Aste Nagusiak parekidea eta eraso sexistarik gabeko gune bat izan behar duela uste dut. Emakumeok non gaude? Bertsolariak, aizkolariak, pilotariak, dultzaineroak, txarangak, kontzertuak, sukaldaritza lehiaketak. Gizonak dira ekimenen protagonista, baita ikusleen gehiengoa ere. Eta emakumeok hor gaude, ikusezinak gure plaza bilatzen eta gure lekua egiteko asmoarekin lanean.
Uda beltza izan dugu, eraso asko egon dira bateko eta besteko jaietan. Denon konpromisoa beharrezkoa da; beraz, jaietan gozatu eta aske bizi, eta edozein erasoren aurrean, jarrera tinkoa izan.
Euskalduna eta ezkertiarra naiz eta jaiak euskal herritarrentzako eta herritarrez osatutakoak izan behar direla uste dut. Euskal Herrian urteak, hamarkadak... auzolanean dihardugu, gure herriaren alde, jai euskaldunak eta herritarrak antolatzen. Oztopo guztien gainetik gure esparruak direla aldarrikatu nahi dugu. Bilbon, gure jai ereduaren defentsa izan da azken urteetako lema nagusia. Azkuna jaunak bilbotarrik gabeko Aste Nagusia antolatu nahi du, baina ez diogu utziko, konpartsero askoren esfortzuaren ondorioa da egun dugun mugimendua.
Konpartsera naiz eta gure Aste Nagusia defendatu nahi dugu modu eraikitzaile batean espazioak sortuz eta parte hartzea bultzatuz. Egunero kamiseta jantzi eta Areatzean dauden ekimenetan parte hartzen dut. Hori dela eta, Aste Nagusia guztiona dela eta izaten jarraitu behar duela sinetsi eta aldarrikatzen dut. Aurten ere ezberdina izango da eskubideen urraketen aurrean eta jai ereduen defentsaren aldarrikapena aho betez oihukatuko dugulako, bertan egoteko beharra eta konpromisoa sentitzen dut.
Orain arte idatzitakoa serioegia dela iruditu ahal zaizue baina ez da hori izan nire asmoa, sentitzen dudana azaltzea izan dut helburu. Bukatu egin behar dut nire txapa; beraz, euskal herritar guztiei eta, bereziki, bilbotar guztiei Aste Nagusian parte hartzeko eta ondo pasatzeko dei egin nahi diet. Eta ezin dut agur esan Kukutza aipatu gabe, auzolanari buruz ari bagara, hori delako Bilbon dugun adibide bat.