GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte bat hil da Eugiko urtegian, eta beste zenbait istripu gertatu dira mendian

Bero itzelak baldintzatu du abuztuko hirugarren asteburu hau, eta zerikusia izan du gehienbat Nafarroan gertatu diren istripuetan. Larriena Eugiko urtegian jazotakoa, 17 urteko mutila ito baitzen larunbatean.

GARA | IRUÑEA

Beste gazte bat hil da itota Euskal Herrian. Azken hilabeteetan Bidarteko, Donostiako eta Zarautzeko hondartzetan eta Esako urtegian gertatu izan den ezbeharra Eugiko uretan erre- pikatu da honakoan. Larunba-tean, 17 urte zituen Barañaingo gazte bat ito egin zen urtegian bainua hartzen ari zela. Bere lagunekin zegoen mutila.

Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, toki horretan bainatzea debekatuta dago, baina egin egiten da. «Irla» izeneko parajean gertatu zen ezbeharra; Eugiko pilotalekutik abiatzen den pista batetik heltzen da toki horretara. Urak ez du sakonera handia bertan, baina mutilak ez zekien igeri egiten.

Eugiko urtegian zegoen beste pertsona batek atera zuen gorpua, suhiltzaileak eta foruzainak heldu aurretik. Psikologo bat ere bertaratu zen, une latz horretan gaztearen lagunei laguntza emateko asmoz.

Bi mendigoizalek arazoak

Atzo goizean, berriz, bi mendizalek suhiltzaileen laguntza behar izan zuten. Bata Orbaitzetan zebilen eta bestea Elgorriagan.

Orbaitzetako Olaren ondoan gertatu zen lehen istripua. Iruñeko bizilagun bat, 88 urteko gizona, zorabiatu eta malda batetik erori zen. Erorketaren ondorioz, orkatilan kolpea eta beste hainbat urradura jasan zuen. Auritzeko parkeko suhiltzaileak bertaratu eta sokak erabilita atera zuten gizona zulotik. Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten. Hori guztia 11.00 aldera gertatu zen.

Handik hiru ordu eta erdira, beste dei bat jaso zuten Larrialdi Zerbitzuan, Elgorriaga eta Mendaur mendiaren artean mendizale bat galduta zegoelako. Ordu eta erdi eman zuten bera aurkitzeko, baina onik zegoen gizona eta azkenean etxera itzuli zen aparteko arazorik gabe.

Motor istripua Leitzan

Beste mendi batean, Leitza inguruan, istripua izan zuen motorrez zebilen Donostiako gizon batek. J.A.G.O., 37 urtekoak, pista batetik zihoala eroriko larria izan zuen 11.00ak aldera. Lagun batzuekin zebilen txango hori egiten, eta horiek eraman zuten Leitzara, bertako sendagileak artatu zezan. Klabikula hautsita zuela egiaztatu, eta Donostiako Ospitalera joan behar izan zuen.

Nafarroan ere auto istripua gertatu zen Bearin herrian, Lizarra eta Beasain lotzen dituen NA-120 errepidean. Bi autok talka egin ondoren, bi lagun eraman zituzten Lizarrako Ospitalera; 39 urteko gizonak mina zuen gerrialdean eta lepoan, eta 23 urteko mutilak, aldiz, antsietate krisia eta kolpeak. Hasieran, zaurituak lau lagun zirela uste izan zuten foruzainek, baina azkenean bi baino ez zirela izan baieztatu zuten.

 

EUGI

Nafarroako Gobernuak urtegi horretan bainatzea debekatuta dagoela gogorarazi zuen larunbateko ezbeharra gertatu eta gero. «Irla» izeneko parajean ito zen Barañaingo 17 urteko mutila.

GAZTELUGATXE

Gaztelugatxeko baselizara igotzen ari zen 56 urteko emakume batek ere laguntza behar izan zuen atzo, eta Ertzaintzaren helikopteroan eraman zuten, bularrean mina sentitu ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo