Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
Aurrerantzean, dena hobetzea izango da!
Tourretik bueltan etxera etorri nintzenean, Markinako lagun batek, izenburuan idatzi dudan esaldi horixe esan zidan eta gogoan geratu zitzaidan. Bera urte askoan zehar pilotari profesionala izan da Dania-n eta kirol bizitzan beste askori gertatu zaigun bezala, lesio askok kolpatua izan zela azaldu zidan. Baina egoera horietan aurrera begiratu eta aurrerantzean dena hobetzea izango dela pentsatu beharra dagoela. Egoera txarrean egoteak abantaila hori dauka, aurrerantzean denak onera egiten duela. Beraz, Markeli ere mezu bera helarazi nahi nioke.
Urteko azken helburu garrantzitsua dugun Vuelta hau ere, taldekako erlojuaren aurkako saioarekin hasi da. Aspaldian modalitate honetan dugun historiala kontuan izanda, urduri ginen lehen egun horretarako, baina beste aldetik pentsatzen genuen «aurrekoetan baino txarrago ezin zaigu atera, hobetzen hasi beharra du!». Saio ikaragarria izan gabe, baina gure ezaugarriekin bat datorren maila emanda, sailkapen nagusirako jokoan gure liderrak denbora galtze handirik ez dutela izan eta kontentu gara.
Hala ere, norbaitek sailkapenean nire izena bilatzeari ekingo balio, hobe luke azkenetatik hasi; izan ere, hasierako partean nire lana ahalik eta gogorren egin ondoren, arriskurik hartu gabe azken partean lasai joateko agindua daukat eta gustura nabil horrela.
Zahartu egin ote naiz? Lehen lasterketaren azken kilometroetako tentsio eta arrisku puntua maite nituen, postua hartzeko lehia, esprinteko adrenalina... gozatu egiten nuen azken kilometro horietan. Orain, aldiz, 25 kilometro faltan bizkarraldea ur botilatxoz bete eta aurrean ditudan taldekideei azken tragoxka eskaintzera besterik ez naiz pasatzen! Behin 8-10 botilak banatuta, pelotoiaren atzealdean kokatu eta urrunetik ikusten dut buruan gertatzen dena eta azken 3-4 kilometroetan are atzeragotik edo telebistatik hotelera iritsitakoan. Kontua da inguru horretan aurkitu ditudala pelotoiko beterano guztiak, zahartu egin ote nauk ba?
P.D: Azkenik, glamourra eta abar aipatu zizkigun Markelek, Belen Esteban hotelean izan dugulako. Hala da bai, kazetari eta jendearen txutxu-mutxu artean gustura, hamen dabil hotel guztia aztoratuz! Bueno ia guztia zeren, Cazaux eta ni ez ginen enteratzen nondik nora zihoazen tiroak. Nik telebista oso gutxi ikusten dut eta halako programak batere ez. Cazaux-ek, aldiz, etxean ez duenez kate espainiarrik ikusten, ez gara gu egokienak Fran eta Belenen antzerkiaren berri emateko!