GARA > Idatzia > Kultura

Castejon - Trilluelos - Castejon

Obaba da zalantzarik gabe Euskal Herriko fikziozko herririk ezagunena. Baina azken bi hamarkadetan herri literario ugari ezagutzeko aukera izan du irakurle euskaldunak. Herri hauetan barrena bidaia egitea proposatzen dizugu. Errealitatetik fikziora eta fikziotik errealitatera, joan-etorriko txartela dugu zuretzat. Beraz, igo trenera eta ahal baduzu eseri leihatilaren ondoko eserlekuan, ea zer ikusten duzun.

p050_f01_122x116.jpg

Leire ZUBELDIA | CASTEJON

Trenbide herdoildua gainetik zeharkatzen duen zubiak biribilgune batera eraman gaitu. Eskuinaldean gasolindegi bat ikusi dugu. Herrirantz doan errepide estuan barneratu gara. Erriberan hain ohikoak diren solairu bakarreko etxeek mugatzen dute kalea ezker-eskuin. Iritsi berriei ongietorria egiteko burua makurtzen dutela dirudi. Herrian barneratu ahala etxeek altuera irabazten dute, eta balkoietan banderak ikusten dira zintzilik. Saharako Errepublikakoak asko dira. Haize epelak dantzan jartzen dituen oihal hauei esker jakin dugu plazan jolasean ikusi ditugun haur beltzaranen jatorria. «Plaza de España» irakurri dugu horma izkina batean. «Pio Baroja» eta «Garcia Lorca» kaleak ere aurkitu ditugu. Hilerrira doan bidea aurkitzea berriz ez zaigu asko kostatu. Liburuan jarri bezala, igerilekuaren atzetik igarotzen dena da, zuhaitzez inguratua. «Antzararen bidea» eleberriko Lisa eta Gigi protagonistek Trilluelos-en egindako bide bera egin dugu guk Castejonen. Eurek ikusi zutena ikusi dugu geuk ere.

Baina begiek ikus dezaketenetik harago joaten bagara, segituan ohartuko gara, Trilluelos eta Castejon herri bera izan arren, ez direla herri berbera. Trilluelos Castejon baino gehiago da. Egileak giro bat sortzeko beharrezkoak zituen lekuak gehitu dizkio herriari: itzal-leku diren txoperak, itsasoa diruditen gari soroak... Zentzu berean, Castejonek duen berezitasun nagusia, trenbidea, ez dugu topatuko Trilluelosen, ez bada pertsonaiaren batek egiten duen aipu soil batean edo garrantzirik gabeko deskribapenetan. Nobela honek ardatz duen garairako, ordea, 1936ko Gerrako eta horren ondoko urteetarako alegia, trenbidea iritsia zen Castejonera. Baina Jokin Muñozek kontatu nahi zuen istoriorako, sortu nahi zuen girorako, trenbideak ez zuen laguntzen. Aldiz, igitaia hartu eta galsoroetan galtzen ziren jornaleroak bai, interesatzen zitzaizkion, 36ko Gerran ezkerreko bandoa osatzeko Erriberako oinarri soziala eurak izan zirelako batik bat.

Laburtuz, Jokin Muñozek sortutako Trilluelos Castejonen eta herria inguratzen duen paisaiaren gainean komenientziaz egindako hautaketa bat da. Gauza bera esan dezakegu, Obabaz («Obabakoak», Bernardo Atxaga), Kalaportuz («Lagun izoztua», Joseba Sarrionandia), Otsabidez («Zeruetako Erresuma», Itxaro Borda), edota Sasiondoz («Sakoneta», Xabier Mendiguren Elizegi). Fikziozko herri hauek guztiak herri erreal batean oinarriturik daude, baina kasu honetan, fikzioak errealitatea gainditzen du: zehatzagoak dira, definituagoak, osatuagoak. Agian, horregatik asmatutako herriari izena jartzearena; errealitateari leial izateko, irakurleari ohartarazteko Trilluelosek baduela Castejonen antza, baina ez dela benetako Castejon; idazlearen Castejon dela, alegia.

Idazle batzuk herri asmatuak izendatzen dituzten bezala, beste zenbaitek airean uzten dituzte istorioak kokatzen dituzten herriak, auzoak, guneak. Joan Mari Irigoienek berak aitortu izan du, bere nobeletan («Babilonia», «Lur bat Haratago», «Orbetarrak») beti agertzen dela Altza. Baina kasu batzuetan lekua ez du izendatzen; orbetarren trilogia, horren adibide.

Eta zein irizpideren arabera aukeratzen du idazleak errealitateko herri bat bere fikziozko herriaren oinarri izateko? Gauza nabaria da hori: idazleak ondo ezagutzen duen herri bat, giro bat izaten da beti. Baina harantzago ere jo dezakegu. Ondoko adierazpen hauek Jokin Muñozek egin zituen Bergarako Idazle Eskolak argitaratzen duen «Luma Berrien Eleak» aldizkarian: «Castejonen jaioa naiz, baina ez naiz bertakoa. Norbera Batxilergoa egiten duen tokikoa da, eta alde horretatik, ni donostiarra kontsideratzen naiz. Hobeto ezagutzen dut Donostia Castejon baino». Erreportaje honetan ardatz hartu dugun «Antzararen bidea» eleberria Gipuzkoako hiriburuaren eta Trilluelosen artean garatzen da. Ongien ezagutzen duen lekuan, Donostian, kokatzen ditu nobelako pertsonaia batzuk; eta besteak, nobelari mamia ematen diotenak, Trilluelos fikziozko herrian kokatzen ditu. Zergatik jo zuen Muñozek Castejonera fikziozko herri bat sortzeko, Donostia hobeto ezagutzen bazuen? Kontatu nahi zuen istoriorako ongi zetorkion lekua da, ados; baina haurtzaroa Erriberako txoko honetan pasa izanak ere badu eraginik. Euskal literaturan agertzen diren herri asmatuek duten ezaugarri komuna da haurtzaroa: herri literarioa idazleak ume zela ikusten, sentitzen, bizitzen zuen herriaren isla da. Bernardo Atxagaren Obaba da aipatu berri dugunaren adibiderik ezagunena. Obaba, Joseba Irazu haurraren Asteasu da. Era berean, «Zeruetako Erresuma» eleberria garatzen den Otsabide herria Oragarre da finean, Itxaro Borda egilea Baionara joan aurretik bizi izan zen Behe Nafarroko herrixka.

Errealitatetik fikziora eta fikziotik errealitatera. Castejon eta Trilluelosen arteko bidaia joan-etorrikoa da. Idazleak errealitatetik hartzen du fikzioa sortzeko, eta irakurleak fikzio hori errealitate bilakatzen du. Asteasuk badu dagoeneko Obaba kalea. Urrunago joanez, Asteasu Obaba da Atxagaren obraren irakurleentzat. Ugari izango dira Asteasura bertaratu diren irakurleak Atxagaren Obaba deskubritzeko. Hala ere, gehiago izango dira Gipuzkoako herri nekazari hau ezagutu beharrean, idazleak deskribatu dizkien plaza, zerrategi, putzu eta ostatuarekin geratu direnak. Konturatu gabe (edo konturatuta) idazleak Asteasuren irudi bat sortu du irakurle hauengan. Eta konturatu gabe (edo konturatuta) landa guneko herriaren errepresentazio literario kanonikoa sortu du. Irakurtzen ari garen istorioan herri nekazari bat deskribatzen bazaigu, Obaba (edo Asteasu) imajinatuko dugu.

Literatura unibertsalean Paris nola, hala ekarri dute Bilbo euskal literaturako orrietara. Zalantzarik gabe Bilbo da gure hiri literarioa. Gabriel Arestik bere poemetan deskribatutako Bilbo erreferentzia izan da azken hamarkadetako idazleentzat. Bilbo ugari eta ezberdinak ezagutu ditugu gaur arte. Besteak beste: Urtzi Urrutikoetxearen «Auzoak», Pady Rekalderen «Ragga-ragga dator gaua» zein «Bilbao Dub Kronikak», Gotzon Barandiaranen «Errotik» edota Irati Jimenezen «Atsekabe zaitut». Azken nobela honetan ezagutu genuen Katu Kale, «Bilboko bazterretan barreiatutako hiri ezkutua». Iluna, bazter eta kantoiz betea, anonimoa, marjinala da Bilbo Irati Jimenez idazle mundakarraren lanean. Asteasuk nekazari herriaren errepresentazio literario bezala funtzionatzen badu euskal irakurlearen imajinario kolektiboan, Bilbo, marginazioa, delinkuentzia, eta oro har, kutsu iluneko istorioen atrezzoan jartzen dugu automatikoki. Aipatu bezala, Bilbo ugari eta ezberdinak aurki ditzakegu gure literaturaren orrietan, baina hau da gure iruditegira iritsi dena. Arrazoia, aztertzekoa litzateke.

Herri literarioetan eta errealitateko herrietan, batetik bestera joan-etorrian ibili gara, bi muturren arteko konparaketa eginez. Itxura batean, bereizteko erraza badirudi ere, fikzioaren eta errealitatearen arteko muga oso lausoa da. Izan ere, idazleak bere haurtzaroko herria bere erara ikusi, eta sentitzen duen eran, gutariko bakoitzak ere norberaren erara bizitzen dugu herria. Beraz, zein da benetako herria? Ba al da benetako herririk? Azken batean, denok bizi gara gure fikziozko herrian. Guztiok dugu gure herri literarioa barnean.

Gigi eta Lisa Trilluelosera iritsi zirenekoa

«(...)Trilluelos jartzen zuen seinale baten ondoan zeuden. Metro batzuk aurrerago gasolina zerbitzugune bat zegoen(...) Alderik alde gurutzatu zuten herria. Sarreran, eskuin-ezker solairu bakarreko etxetxo zaharrak ziren nagusi. Gehienetan familia magrebtarrak ikusi zituzten. Ume beltzaranak zebiltzan hara eta hona, olgetan, goraino estalitako begiradapean. Harago, ezaxolati, gizon koadrilak berriketan. Gigik kaleen izenak ozenki irakurri zituen: Garcia Lorca, Miguel Hernandez, Pio Baroja, Rafael Alberti... Gero herriko plaza izango zenera iritsi - Konstituzio Plaza, irakurri zuen Gigik, barrezka, hau da: lehengo España Plaza -, eta Lisak norbaiti berriro hilerriaz galdetzeko esan zion lagunari (...) Lisak tabernan sartu izanaren zergatia gogorarazi zion hurrena: - Hilerria nondik Gigi?- Segi igerilekuraino, bertan seinalatzen du hilerria. Hari atxikirik dagoela hobia esan didate - Bi zumar ilarak zedarritutako kamio batetik barrena abiatu ziren hilerriraino. Beroa gorabehera, jendea ikusten zen pasieran, itzaletik itzalera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo