UDATE
Jaietan jai?
Imanol ALVAREZ
Jaiek, berez, eguneroko errutina hausten dute. Egunerokotasunaren isla ere badira. Isla desitxuratua edo areagotua, jaietan parte hartzaileok egunerokoan baino rol lotsagabetuagoxea hartu ohi dugu-eta.
Jaietan jai diote batzuek. Ondo deritzot. Zaila, ordea; edo, akaso, ezina. Denok ditugu hamaika arazo eta kontu buruan. Jaietan ahaztu behar genituzkeenak, antza, benetan hautsi nahi izanez gero. Baina ezin, jaietan denok baikara geureago.
Gizartea askotarikoa den heinean, festa era askotarikoa da, eta normaltzat jo beharko genuke. «Jaia eta borroka» esakunea ere oso zabaldua da. Niri normala ez ezik osasungarria ere iruditzen zait, geu izateari uzten ahalegintzea alferrikakoa bezain bururako kaltegarria baita. Aldarrikapenak eta kritika politikoak agertzea, de facto, gauzarik arruntena da: peñen pankartetan, konpartsen txosnetan... Baina horri jaiak politizatzea deitzen diote PNV, PP eta enparauek; eta saiatzen dira hori guztia desagerrarazten, polizia bidaliz, txosnak debekatuz... Agian ez gara harritu behar, azken batean horixe da-eta jaietan dagokien rola: errepresiogile lotsagabetuagoxearena.
Edozelan ere, askotarikotasuna ez da aldarrikapen vs errepresio jokoan amaitzen. Gizakion sexualitatea ere askotarikoa da eta, euskaldunok ligatzerakoan lotsatiak omen garen arren, festa oso abagune aproposa ere bada desinhibitzeko; neurri batean (eta zoritxarrez gehituko nuke nik) alkoholari eta bestelako drogei esker. Horretaz bi gauzatxo: lehenik, feministek esan ohi bezala, «ez» berbak ezetz esan gura duela gogoratzea; ezin da onartu inor behartzea txortan egitera. Bigarrenik, buruz ibili behar dela larru-kontutan ere; jakin behar da zer, non, norekin, nola... egiten dugun.
Jai giroan amaitzeko, hona kanta-koktel bat: «Neska-mutilen harremanetan/ larru gorriz larru gorri/ arimaren gozagarri/ edonolako harreman mota/ da gure aberasgarri/ zertarako mugak jarri?» (Mikel Markez). «Ez al du maitasunak gutxienez merezi/ inongo mugarikan ez jartzea?/ Maitatu, inongo lotsarik sentitu gabe/ behingoz lortzeko begirunea» (Berri Txarrak). «Neska-mutil, neska-neska (hau da festa)/ mutil-mutil, txarra ezta/ Bizitzeko bizi gara, goazen denok gozatzera/ ez da bakarra aukera sexu baten arabera!!/ Aska zazu, aska zaitez/ zergatik ez?/ Esan zazu, esan baietz/ zergatik ez?» (Etzakit).