GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal nazioa kiroltasunez aldarrikatzeko modua

Espainiako Itzulia, beste lasterketa nagusiek maiz egiten duten bezala, Espainiatik aterako da eta beste herrialde batean sartuko da; oraingoan, Bizkaia eta Araba zeharkatuko ditu. Ibilbide hori erabaki zutenak politikariak dira eta ez zuten ezkutatu beren asmo politikoa, ezta aurrekontua tentuz onartu ere. Euskal Herrian ez dira faltako lasterketa hori atzerriko kirol ikuskizuna dela eta gure artera inposizio politiko baten ondorioz iritsi dela salatzeko ekimenak, eta, hala, ESAITek eta zenbait txirrindulari ohik ekimen horietako baten berri eman zuten atzo. Irailaren 3an, Euskal Pedalkadak izeneko bizikleta martxa Gasteiztik abiatuko da, Espainiako Itzuliaren etaparen kontrako noranzkoan Bilbora arteko bidea eginez «Txirrindularitzari bai, inposaketari ez, Euskal Herria nazioa» lelopean. Kiroltasunetik sortutako erantzuna, Espainiako Itzulian parte hartzen duten txirrindulariak errespetatzen dituena, kirolaren balioak nabarmentzen dituena eta herritarren parte hartzea bultzatzen duena. Euskal pedalkada horiek Espainiako Itzulia Euskal Herritik igarotzeak sortutako gastua salatuko dute, eta, halaber, euskal kirolak jasaten dituen murrizketak. Euskal kirolak badu bere bizikleta martxa, zahar-gazteek parte hartzeko modukoa. Batzuek ibilbide osoa beteko dute, beste batzuek kilometro bakan batzuk baino ez, baina denen pedalkadek balio berbera izango dute euskal kirolarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo