GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilbon bikotekide ohia hil izana egozten dioten gizona Basaurin espetxeratu dute

Hector Melacio Reyna atzo goizaldean espetxeratu zuten Basaurin, Bilboko erdigunean bere bikotekide ohia hiltzea egotzita. Daisy Mendozak urruntze agindua bazuen ere, maiz urratzen zuen hiltzaileak.

GARA | BILBO

Dagoeneko espetxean da, astelehenean, Bilbon, ustez Daisy Mendoza bikotekide ohia labankadaz hil zuen gizonezkoa. Asteazken arratsaldean epailearengana eraman eta prozedura judizialak burutu ostean, atzo goizaldean espetxeratu zuten Basauriko espetxean Hector Melecio Reyna.

Bilboko Fernandez Campo kalean gertatu zen hilketa, hiriburuaren erdigunean. Labanaz eraso zion gizonezkoak bikotekide ohiari, dozena bat labankada emanez. Emakumearen gorpuaren ondoan zela atxilotu zuen Ertzaintzak. Gizonak 38 urte ditu; hildako emakumeak, berriz, 36 zituen, eta hiru seme-alaba zituzten elkarrekin.

Hector Melecio Reyna urruntze agindupean zegoen, andreak salaketa jarria baitzuen gizonaren kontra tratu txarrak ematen zizkiolako. Hala eta guztiz ere, gizonak behin baino gehiagotan urratu zuen urruntze agindua, bikotekide ohia eta hiru seme-alabak bizi ziren etxera gerturatuz. Etxe atarian bertan hil zuen emakumea. Daisy Mendozaren hilketarekin sei dira Euskal Herrian, aurten, emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz zendutakoak.

Atzo bertan, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak hiltzailearen gain «justiziaren indar osoa» erortzea espero duela esan zuen Radio Euskadin egindako adierazpenetan. «Beldurgarritzat» eta «higuingarritzat» jo zuen Azkunak gertatutakoa. Bilboko Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da kasuan. «Zoritxarrez, emakumearekiko gizatasun eta sentikortasun falta maiztasun larregiz» gertatzen dela iritzi zuen Azkunak; hori dela eta, «hiltzailearengan justiziaren indar osoa» erori behar dela uste du, «gertatutakoa ez baita onargarria eta egileak ordaindu egin behar baitu».

Atxiloketa Lizarran

Bestalde, Nafarroako Foruzaingoak 50 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo, Lizarrako taberna batean emakume bati eraso egiteagatik. Jasotako zaurien ondorioz, ospitaleratu egin behar izan zuten emakumea. Gizonak aurrekari polizial ugari ditu.

Dei baten bidez, taberna batean gizon bat bi emakumeren aurka oldartzen ari zela jakinarazi zioten Foruzaingoari, baita emakumeetako bat eraso zuela eta lurrera erortzean konortea galdu zuela ere. Gizonezkoa atxilotu egin zuten. Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, emakumea ospitalera eraman zuten anbulantzian, eta, alta jaso ostean, salaketa jarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo