GARA > Idatzia > Kultura

KATE MOTZEAN: OSKAR ESTANGA

«Kamiseta tirantedunetan edozer gauza egitea da gozada bat, egun edo gauez»

p046_f01_97x112.jpg

Testua: Ane ARRUTI       
Argazkia: Gari GARAIALDE | ARGAZKI PRESS

Bertsolaria, gitarra jotzailea, batukada irakaslea, showmana... Saltsa guztietako perrexila da Oskar Estanga gaintzarra. Nafarroako bertsolari txapelketan, azken bi urteetan finalista izan da. Uda sasoia mila gauza egiteko aprobetxatzen du, tartean baita dantza-kontakt ikastaro bat ere. Epe motzean, bere ametsetako bidaia egitear dela aitortu digu.

Uda garaia, opor garaia?

Lan batzuk baditut, tarte libreak ere, horiek udarak ematen dituen kaleko mila aukera opor modura eginda aprobetxatzen ditut: hondartza, lagunak, mendia...

Plazaz plaza edo txosnaz txosna?

Bietatik asko egin ondoren azken urteetan, orain giro lasaiagoak nahiago, tarteka plazaren bat edo txosnaren bat bisitatzea nahitaezkoa den arren.

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Kalea.

Eta soinua?

Itsasoarena.

Garagardoa edo kalimotxoa nahiago?

Garagardoa, azkenaldian limoiarekin.

Katxia elkarbanatuz edo norberak bere edalontzia?

Katxia dudarik gabe, bakoitza bere erritmora eta denak batera!

Udako egunak ala gauak nahiago dituzu? Eta zertarako?

Kamiseta tirantedunetan edozer gauza egitea da gozada bat, egun edo gauez: paseatu, dantzatu, hitz egin...

Hondartzan eguzkitan ala itzaletan ahal bada?

Eguzkitan baina neurria hartuz itzalarekin.

Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?

Hondartzan, MP3arekin; mendian, irratia.

Egunkaria ala liburua?

Liburua.

Oporretan erabat deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den zeharka begira?

Deskonexio tartetxoak arnasa dira; konexioak, berriz, lurra.

Mugikorra beti ondoan edo noizbehinka piztuz?

Badaezpadako beharraren izenean, beti ondoan.

Oporretara, guztia aurretik lotuta edo inprobisazioaren erritmora?

Dena lotzekoa izan naiz, baina hurrengoa oso inprobisatua doa.

Maleta handiarekin ala txikiarekin?

Txikiarekin hobe.

Argazki makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?

Memoriaz, eta, batez ere, sentsazioez; argazkilari txarraren aitzakiak ote?

Egin duzun oporraldirik bereziena?

Brasilerako bidaia, ez dena gozoa izan zelako, baina bai ongi moldatu nintzelako.

Eta egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Epe motzeko ametsa: Kuba, hor noa!

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?

Oderitzeko bertso saioa.

Erabat harrapatu zintuen liburua?

«Ertzeko zatiak», Jon Sarasuarena.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Sargoria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo