GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

www.tropela.net

Gogoan dut oraindik lehenengoz Tropela webgunearen berri eman zidaten eguna. Barloworld taldean nintzen. Euskal Bizikletako etapa baten ondoren (Aguraineko erlojupekoa) etorri zitzaizkidan Tropelako lagunak beraien proiektuaren berri emanaz. Teknologia berrietan euskaraz bete beharreko gabeziak indartzeko sortutako elkartea osatzen zutela komentatu zidaten. Teknologia berriak, euskara eta txirrindularitza sustatu nahi zituzten lagun talde bat zirela eta irabazi asmorik gabe web orrialde bat egiten zutela azaldu zidaten. Orduan, maillot bat eskatu zidaten kinielako irabazleak saritzeko, eta, baiezkoa ematearekin batera, beraien lana jarraitzen eta kinielak eginaz parte hartzen hasi nintzen.

Hasieran Tourreko kiniela antolatuz hasi baziren ere, lehiaketak gehitzen joan dira, eta, egun, urtean zehar zortzi lehiaketa antolatzeaz gain, urteko sailkapen orokorra ere egiten dute. Partaidetza ere ikaragarri ugaritu da. Aurtengo Tourrean 12.000 lagunek baino gehiagok egin dute beraien kiniela Tropelan eta Vueltan ere 10.000 baino gehiagok egin dugu. Izan ere, oso ondo antolatua dago; bakoitzak bere kiniela egin ondoren, lagunekin norbere tropeltxoa sor dezake eta bertan sailkapen propioa ikusi.

Hor sortzen dira Tropelari xarma ematen dioten pikeak. Nire kasuan, adibidez, tropeltxo ezberdinetako partaide naiz eta bakoitzak badu bere lehia eta bere pike propioa; adibidez, lagunarteko partaideon artean geure lehia sortzen dugu eta itzuli handi bakoitzeko irabazleak urdaiazpiko bat irabazten du. Taldeko txirrindularion artean ere sortu dugu beste tropeltxo bat, eta, bertan, urteko sailkapenean erditik atzera geratzen direnek, aurrekoei afaritxo bat ordaintzeko tratua dugu eginda. Atzo Cavendishek hanka lurrera bota zuela esan ziguten momentuan nire logelakide Mikelek eta biok gurutzatu genuen begiradan irakurri nuen haren amorru puntua: «Tropelan huts egin dugu, Txurru!». Nik barre txikiarekin erantzun nion.

Aurtengoari dagokionez, oraingoz, lagunarteko lehian urdaiazpiko bat irabazi nuen Giroan; taldekideon arteko tropeltxoan, berriz, afaria musu truk jateko bidean nago. Beraz, udazken honetan kilotxo bat edo beste errekuperatuko dut Tropelaren aitzakian... Sekulako saltsa ematen du jolas honek eta asko egoten gara egunero sailkapenaren esperoan etapa bukatu bezain pronto. Lan izugarria zuena, Tropela, eskerrik asko! Gainera zelako ondo pasatzen dugun egunero sailkapenei begira...

Ezagutzen ez duzuenok gonbidatzen zaituztet www.tropela.net webgunean begiradatxo bat egin eta parte hartzera. Jadanik partaide zaretenoi eta hautatu nauzuenoi, aldiz, eskerrik asko hasteko, eta, ostean, barkatu orain arte punturik eman ez badizuet! Hori bai, sasoiz justu xamar etorri naizela onartu eta pixkanaka puntuan jartzen ari naizela eta bigarren astetik aurrera nire esku dagoen dena egingo dudala zin dagizuet!!! Hala ere, aitortzen dizuet nik neuk neure burua ez dudala hautatu.... Kar, kar, kar!