Kronika | Txupineren Eguna
Jai eredu herrikoien ordezkari, Bilboko parrandazale guztien maitale
Urtero Txupinera bat hautatzen dute Bilboko Aste Nagusiko Konpartsek... uneoro herritarren maitasun zantzuak jasotzen dituena eta betirako izendapena gordetzen duena. Atzo beren eguna ospatu zuten Bilbon, Areatzean txupinak bota eta Zazpikaleetan firin-faran txikiteoa egin ostean bazkari eder batekin bukatuta.
Anartz BILBAO
Bilboko Aste Nagusiak 33 urte bete ditu aurten, eta bederatzi egun eta gau luze ditu parranda girorako. Guztira 28 konpartsa biltzen dira jaietara, eta horiek txandaka txupinera bat hautatzen dute urtero, jai herrikoien ordezkari gisa. Aurten Mekaueneko kide Patricia Lezamari egokitu zaio «opari» hori, eta Kirmen Uribe pregoilariarekin batera hara eta hona dabil egunero, atseden hartzeko betarik gabe eta irribarre zabala ahoan.
Lezamak goiz hasi zuen atzoko jarduna. «Ronda kaleko nagusien zentroan izan gara aurrena, eta gero Erriberako merkatuan ere sartu-irtena egin dugu», adierazi zigun, bete-betea duen agendaren berri ematerakon.
Ondoren, Areatzean eta eguerdian, iraganean txupinera izateko ohorea partekatu duten emakumeak bildu zitzaizkion, eta elkarrekin «poteo ilustrean» parte hartu zuten, udal agintarien txikiteoa porrot hutsa izan baitzen.
Lehiaketa gastronomikoan parte hartzen lapiko artean zirenen artean, makina bat kidek bota zuen txupina Lezamarekin batera, koadrilatxo jatorra osatuta. Han ziren iazko txupinera Aratz Irazabal (Txinbotarrak), Sonia Polo (Eguzkizaleak), Lourdes Luke (Satorrak)... Txikiteora Sonia Villamor (Kobetas Mendi) bildu zitzaien, eta arratsaldean beraiekin ziren Larraitz Cisneros (Altxaporrue) eta beste asko.
«Batzuk lehendik ere ezagutzen nituen, beste batzuk ez ordea», aipatu zigun Lezamak. «Txupin batzuk bota eta gero txikiteo polita egin dugu Zazpikaleetan zehar, eta gero iazko txupinera Aratzen Txinbotarrenean bazkaldu dugu elkarrekin. Beraz, datorren urtean geurera, Mekauenera gonbidatuko ditugu». Kideen aholku txikiak jaso dituela ere onartu digu Lezamak... baina ez dizkigu ezagutzera eman, «sekretuak dira gero!».
«Ure, ure!»
Txupinera jai herrikoien ordezkaria da, eta bilbotarren artean emakume maitatua oso. Txikiteatzeko Zazpikaleetan kalejiran sartu orduko -Xabi Aburruzagaren trikitixa eta Kirmen Uribe tartean direla- ikusi ahal izan dugu hori. Txakur kalean txistulariekin topo egin eta txikiteroekin kantuan nahastu dira, «Txoriak txori», «Loretxoa», «Behin batean Loiolan» edo «Lau teilatu».
Pausu bakoitzeko bada norbait txupinerak agurtu edo beraiekin argazki bat egin nahi duena, eta inork ez du ezetzik jasotzen. Apurka-apurka giroa berotzen hasi da, eta, leihope batean «ure!» eskatu ostean, blaitu ere egin dituzte txupinerak. Hemendik aurrerakoa... hobe ez kontatu.
09.00 Areatzean, bakailaoa pil-pil erara egiteko lehiaketa: izen-ematea.
10.00 Areatzean, xake txapelketa. Partida Arinen XI.Txapelketa.
11.00 Erripako kaian, Haurtxokoa-Txikigunea.
11.00 Erraldoien eta buruhandien kalejira, gaitero eta txistulariekin.
11.00>Piraguen igoera herrikoia Ibaizabal ibaitik.
12.00>Pergolan, bilbainadak: Beti Aurrera.
12.00 Areatzeko kioskoan, Udal Musika Bandaren kontzertua.
12.00 Areatzean, herri-kirolak eta jolasak.
13.00 Zazpikaleetan, bilbainadak: Bilbotarrak.
13.00 Santiago plazan, bertsolariak: Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Jokin Sorozabal eta Julio Soto.
13.00 Kalez kale, XVI. Albokari Tropela.
13.30 Arriaga plazan, kaleko antzerkia: Bowjangles (London), ``Un cuarteto de cuerda diferente''.
14.30 Areatzean, sukaldaritza lehiaketako sarien banaketa.
17.30 XV. Herri Krosa.
19.o0 Plaza Barrian, euskal dantzak. Urdaibai (Forua).
19.00>Gas plazan, umeentzako antzerkia: Hortzmuga, ``Libertia''.
20.00 Bilborock aretoan, pop-rock erakustaldiko kontzertua: Sweet Oblivion eta Gringo.
20.00 Plaza Barrian. Erromeria
eta larrain dantza.
20.30 Gizakunde elizan,
Hodeiertz eta EHUko abesbatza.
20.30 Arriagan, zezensuzkoa.
21.00 Pergolan, Luis Carlos
Del Pozo DJ.
21.15 Arriaga plazan,
kaleko antzerkia: Bowjangles
(London), ``Un cuarteto de cuerda diferente''.
22.30 Su artifizialak. Lehiaketa. Göteborgs Fyrverkeri Fabrik.
23.o0 Areatzean, gaupasa. Egan. Lehen emanaldia.
23.00 Pergolan, The Hobbies.
23.30 Abandoibarren, Malu.
23.30 Plaza Barrian, Travellin Brothers Big Band.
24.00 Botikazarren Dani Martin eta El Menton de Fogarty.
02.o0 Areatzean, gaupasa. Egan. Bigarren emanaldia.